`Odolekoak´: Iruñeko historia ezagutzeko aukera on bat

Hona hemen urriko literatur proposamena: `Odolekoak´, Antxine Mendizabalen lehendabiziko nobela.

Odolekoak da Antxiñeren lehendabiziko nobela. Iruñeko familia baten historia hiru emakumeren bitartez kontatzen duena: Matilde, Teresa eta Amaia; amona, ama eta iloba. Formalki nobela klasiko bat da, baina berezia egiten du ama-alaben arteko harremanak ez dituelako modu idealizatu batean irudikatzen. Eleberria 1941ean hasten da, eta Matilde gerra garaitu dutenen aldean dago. Hori ezohikoa da euskal literaturan.

 

Berriki argitaratu du Alberto Barandiaranek Gurea falangista zen liburuxka. Altsasuko bi gizonezkori buruzko ikerketa eta kontakizuna egin ditu bertan, Gerra Zibilean gerran faxisten aldean ibili zirenak. Barandiaranen hitzetan: «Gertakizun historiko handiena ere pertsona baten esperientziaren bidez kontatuz gero, iruditzen zait esplikatzen ahal duzula milaka pertsonaren historia eta patua».

Mendizabalek izugarrizko dokumentazio lana egin du eta Iruñeko historia ezagutzeko liburu bikaina da. Horretaz gain, benetako pertsonaia historikoak gurutzatu egiten dira Echaluce familiako kideekin. Ahulezia bat aurkitzekotan, pertsonaia kopurua handiak nahasgarria izan daitekeela esan liteke, baina liburu hasieran bada pertsonaia guztien zerrenda bat.