Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerdiak jokoan

Urriko lehen asteburuan hasi zen 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Lehen fasea bukatuta, aste honetan hasi dira finalerdiak. Bihar jokatuko da bigarren finalaurrekoa Berriozarren. Julio Soto, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte eta Patxi Castillo lehiatuko dira bertan.

Uste baino beranduago iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa, 45.ena. Urte hasieran izan behar zena pandemiak atzeratu zuen eta udazkenera ekarri. Urriko lehen asteburuan hasi zen Txapelketa Izaban. Tafallan, Zangozan eta Donezteben jokatu dira beste 3 final-laurdenak. 

Abiatu ziren 24 bertsolaritatik 18k lortu dute finalerdietako txartela. Astelehenean jokatu zen horietan lehena, Altsasun. Eneko Lazkoz etxarriarra nagusitu zen bertan, finalerako zuzeneko txartela lortuz. Bihar, 17:30ean, beste sei bertsolari lehiatuko dira Berriozarren, bigarren final-erdian: Julio Soto, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo, Alazne Untxalo, Mikel Lasarte eta Patxi Castillo. 

Hirugarren final-erdia Leitzan jokatuko da azaroaren 14an, 17:30ean. Joanes Ilarregi, Eneko Fernandez, Sarai Robles, Xabier Silveira, Julen Zelaieta eta Iker Gorosterrazu ariko dira nor baino nor.

Finala azaroaren 28an
Bi hilabetez Nafarroako hainbat herri eta eskualde zeharkatu ondoren, azaroaren 28an jarriko zaio azken puntua txapelketari, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalarekin. Zortzi bertsolari lehiatuko dira bertan. Orduan izendatuko da 2021eko Nafarroako txapelduna, bai eta harekin batera, hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusian ariko diren beste lau nafar ordezkariak ere. 

Bertsolaritzari bultzada
Covid-19ak erabat moteldu du bertso plaza eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna. Eta beraz, txapelketak bultzada ere izan nahi du, plazak berriz indartzen joan daitezen eta aldarri, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan. Bertsozaleek ongi erantzun dute eta plazak betetzen ari dira. 

www.bertsosarrerak.eus 
Finalerdietako eta finaleko sarrerak salgai daude web orrian.