Musika pantailan: Musika dokumentalak euskaraz

Musika eta irudiak beti izan dira aliatu onak, musika asko aberasten da irudiarekin batera, eta alderantziz.

Jarraian musikariek, edo musikariei buruz, egindako zenbait dokumental ikus daitezke. Aukeratutakoez gain, beste hainbat dokumental ikus daitezke euskaraz, edo euskaraz azpititulatuta, Argia aldizkariaren Multimedia atalean. Esteketan klik eginda ikus daitezke dokumentalak.

Estitxu: (Dokumentala azpian ikus daiteke)  Estibaliz Robles Aranguiz, Euskal Herriak eman duen kantari onenetakoa izan zen eta arrakasta itzela lortu zuen Euskal Herrian, Venezuelan, Mexikon edota Parisen. 60 min.

Mikel Laboa: Sortzaile donostiarraren bizitza eta obra artistiko oparoari buruzko dokumentala. 100 min.

Salda badago: 1970eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, Hego Euskal Herrian, punk eta rock taldeak agertzen hasi ziren Ingalaterratik eta Estatu Batuetatik zetorren musikaren eraginaren ondorioz. 65 min.

LOU. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian: Lou Olangua 1980ko hamarkadan euskal rockak izan zuen lehen emakumeetako bat izan zen. 80ko hamarkadan emakumeak eszenarioetan hartzen zuen lekuari buruzko dokumentala da hau, euskaraz abestearen erabakiari eta garai hartan jarrerak eta estetikak izan zuten garrantziari buruzkoa. 59 min.

Berri Txarrak: Iragana aurretik. “Denbora da poligrafo bakarra” disko hirukoitza ardatz hartuta, taldearen 20 urteko ibilbidea errepasatzen du dokumentalak. Diskoaren grabaketaren irudiekin eta 2015eko biraren unerik onenekin osatu dute. 55 min.

NOLA?: Bere xarmak erakarrita, Fermin Muguruza New Orleansera joan zen disko bat grabatzera eta NOLA? dokumentala zuzentzera Katrina urakanak eragindako hondamendia baino 10 urte beranduago. 67 min. (Euskarazko azpitituluak aukeratu)

Nömadak Tx (Oreka Tx): Nömadak Tx munduan zehar dabiltzan bi musikariren istorioa da. Soinuen bila bidaiatzen dute, eta beste herri, paisaia eta kulturetan aurkitzen dituzte, pertsonen baitan. 86 min.