Etxealdian egin kirola euskaraz

Hainbat euskal kirolarik aholkuak emanen dizkigute konfinamendu garai hauetan etxean ariketa fisikoak egiteko. Euskarazko bideoen bidez eginen dute Euskal Kirolari programaren barruan, euskara kirol munduan sustatzea helburu duen egitasmoa. Dagoeneko lehenengo bideoa sarean da xabalina jaurtitzailea den Odei Jainagaren eskutik.

Besteak beste, Leticia Canales surflariak, Mikel Landa txirrindulariak eta Nerea Perez arraunlariak euskarazko bideoak egingo dituzte azaltzeko nola entrenatzen diren egunotan, eta erakusteko nola egin jarduera fisikoa etxean.

Zenbait alorretan, konfinamenduak berdin eragin die herritar guztiei: inor ere ezin da etxetik irten kirola egitera, ezta goi mailako kirolariak ere. 

Kirolariek eten egin behar izan dute ohiko jarduera, eta euren entrenamendua etxera egokitu behar izan dute. Orain, saio horiek nola egiten dituzten erakutsiko dute, eta nork bere etxean egiteko ariketak ere proposatuko dituzte. Euskal Kirolari programaren sare sozialetara igoko dituzte bideo horiek.

Honako helbideetan aurkituko dituzue bideoak: Youtube, Instagram, Facebook eta Twitter

Testuaren iturria: berria.eus