Bidaia bat ez da maletarekin hasten, ezta txangoa motxilarekin ere

Mendi batera igo, hondartza batean bainua hartu edo ondare-naturala zein -artistikoa bisitatu, denak berdin hasten dira: haietara joateko ideia, planifikazioa eta gogoa piztea. Artikulu honetan hiruzpalau ideia eta planifikatzeko informazioa topatuko dituzu. Gogo-pizgarri izanen ahal ditugu.

Lehenik eta behin, Nafarroa erromatarraren bi indusketa-eremu proposatuko ditugu, bata Ager Vasconum deritzon horretan: garia, lautada eta eguzkia. Bestea Saltus Vasconum izendatutakoa: abeltzaintza, mendiak eta pagadi umela. Andelo Mendigorrin dago, Garestik gertu, hiri erromatar baten aztarnak eta gertu dagoen honen ur-hornidura sistema ditu. Aztarnategia hobeto ulertzeko bertan erakusketa txiki bat ere bada. Iker Tubiak Berriarako “Ur andelaren ondoko herria” erreportaje gogo-pizgarria idatzi zuen.

Aurreko aztarnategian arkeologoen lana amaitutzat eman badaiteke ere, bigarren honetan, aldiz, indusketa-prozesu bete-betean dabiltza: Zalduako aztarnategia. Aranzadi ari da Auritz eta Aurizberri arteko paraje eder honetan udaro indusketa lanak egiten orain urte gutxi topatu duten hiri erromatarra aztertzen. Andelok aztarnak bistan, hiria ulertzeko baliabide ugari baldin baditu, Zalduan martxan dagoen aztarnategi baten ikerketa izanen dugu ikusgai. Iturissa ere deitu izan zaio, baina oraindik baieztatzeko dago topatu duten hiria eta testu zaharretan agertzen den izena berbera ote diren. Aranzadik Zalduaren gaineko webgune aparta prestatu du orain arteko aurkikuntzak eta hipotesiak azaltzeko, informazioz beterik, bisita-birtuala egiteko modu aparta eta bertara txango bat prestatzeko ezinbesteko.

Beste hiru aukera, une honetan ezin badugu ere herrialdeetako mugak gurutzatu, Euskal Herrian badira hainbat museo haien ondarea internetez bisitatu ahal dena. Historiaurrea ezagutu Ekain kobazuloaren APParekin, sartu lurrazpiko katedral honetan eta labar artearen inoiz ikusi gabeko xehetasunak behatu. Edo, gura baduzu, bisitatu Guggenheim museoaren arte moderno eta garaikideko Artitz dokumentazio zentroa: 4.000 artelan baino gehiago artistaren eta erakusketaren arabera antolatuta, hauen irudiak, azalpenak… Eta Bilbotik atera gabe, horren ezaguna ez den Arte Ederren Museo aparta, honek ere telefonoetarako APPa eskaintzen du, beste begirada batekin gozatu ahalko duzu mundu mailakc o maisulanetaz.

Arestian esan bezala, bidaia bat ez da hasten maleta prestatzean, gozamena berau irudikatzen eta planifikatzen dugunean hasten da. Bidaia on!