Memeka.eus, memeak euskaraz egiteko plataforma

Memeka.eus memeak sortzeko baliabidea da. Ohiko meme txantiloiez gain, euskal meme ereduak eta sticker-ak ere baditu. Haren sortzaile den Iametza enpresak meme lehiaketa ere antolatu du. Abenduaren 20an bukatuko da aurkezteko epea.

www.memeka.eus plataformaren bidez erraz sortu daitezke memeak. Plataformak irudiak eskaintzen ditu, baita horien gainean idazteko aukera ere: letra tipoa eta kolorea aukeratu daitezke. Irudiaren gainean jartzeko eranskailuak (sticker) ere badaude. Behin memea eginda, deskargatzeko eta partekatzeko aukera ematen du. Erabiltzaileak memea argitaratzen badu, Memeka webguneko katalogo orokorrean kontsultatu eta erabiltzeko aukera izanen dute gainerako erabiltzaileek. Beraz, memeen bilgunea ere bada. 

Zer da memea?

Umorezko mezu sinplea da, zabalkuntza handia eta azkarrekoa. Gehienetan, jatorrizko irudi, bideo edo testu baten moldaketa satirikoa izaten da, behin eta berriz zabaltzen dena. 
Gazteentzat memeak komunikaziorako elementuak dira. Bereziki sare sozialen bidez partekatzen dituzte, euren sentimenduak adierazteko, egoera bat azaltzeko edo, besterik gabe, lagunekin dibertitzeko. 

Iametza enpresak gazteen artean euskaren erabilera areagotzeko helburuz sortu du Memeka, euskara modu ludikoan erabiltzeko bitarteko aproposa delakoan. 

Euskarazko meme lehiaketa

Iametza enpresak euskarazko meme lehiaketa antolatu du abenduan. Parte hartzaileek umorezko memeak sortu behar dituzte www.memeka.eus webgunea erabiliz. Edozeinek parte hartu dezake, bakarka nahiz taldeka. 

Lehiaketan parte hartzeko epea abenduaren 20an bukatuko da. Bozkatzeko epea, berriz, abenduaren 21etik 28ra izanen da. 

200 € eta 150 €-ko sariak daude jokoan. Abenduaren 29an iragarriko dute nortzuk diren irabazleak. 

Informazio gehiago: www.memeka.eus