“Egunean Behin” joko arrakastatsuaren 11. denboraldia abiatu da

Urtarrilaren 30etik apirilaren 2ra arte luzatuko da. Aplikazioak lau urte beteko ditu aurtengoan. Urtez urte parte-hartzaile kopuruak gora egiten jarraitzen du: 60.000 gora dira jada. Telebista bidezko zuzeneko finalarekin amaituko da saioa, apirilaren 2an.

Urtarrilaren 30ean, abiatu zen 'Egunean Behin' lehiaketaren 11. Denboraldia, GUUK ikus-entzunezkoen konpainiak babestua. Azken deialdietan bezala, herritarren jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzte saioaren galderek, eta herri ikuspegitik egindakoak ere izango dira: euskal gaiekin lotuak, euskal geografiarekin lotura dutenak, etab...  

Hamabi asteko denboraldia izango da orain hasi berri dena, eta, aurrekoetan bezala, telebista bidezko zuzeneko finalarekin amaituko da, apirilaren 2an. Inork ez du zalantzan jarriko CodeSyntax enpresak 2019ko martxoaren 4an sortutako aplikazioak urrats garrantzitsua eman duela EITBren eskutik. Telebista eta telefono mugikorraren arteko aldibereko 'Biba Egunean Behin' lehiaketarekin amaitu dira azken lau denboraldiak. 

Jakina denez, tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da 'Egunean Behin', eta izenak dioen bezala, lehiakide bakoitzak partida bakarra jokatzeko aukera du egunean. 10 galdera erantzun behar ditu, ahalik eta azkarren. Hala, zenbat eta gehiago asmatu, eta zenbat eta azkarrago, hobeki.  

Asterik aste babesleek eskainitako sariak izango dira, bat lehiaketako irabazleentzat eta beste bat zozketaz. Sarien artean daude: Samsung telebista adimentsua (32’’), Vivo telefonoa, Android euskaraz, Xiaomi Poco telefonoa, Android euskaraz, JBL haririk gabeko aurikularrak bi lagunentzat, zozketaz emateko. Babesleen artean daude: Euskaber, Mondragón Unibertsitatea, Laboral Kutxa, Gaztea, BBK Kuna o SPRI Taldea.

Horiek horrela, beste behin, familia, lagunarte, enpresa eta ikastetxeetan sortutako taldetxoetan biziko den lehia eta giro ona izango dira protagonista 'Egunean Behin'go denboraldiak iraungo duen 12 asteetan.