Film laburren zikloa hastera da

Martxoaren 6tik apirilaren 11ra izanen da LABURBIRA euskarazko film laburren zikloa. Besteak beste, Goya sarietan lehiatutako bi film ikusteko aukera izanen dugu.

Euskal zinemak garai ona bizi du, lan ugari eta kalitate handikoak sortzen ari dira, eta sariak jasotzen ere. Taupa Mugimenduak antolatutako LABURBIRA zikloak, euskarazko fil laburrik onenak ikusteko aukera ematen digu, oso urrutira joan gabe.

Martxoaren 6an izanen da aurrestreinaldia Donostiako San Telmo Museoan, PRIMERAN plataformaren laguntzarekin. Eta 7tik aurrera herrietan izanen dugu zikloa.

Nafarroan apirilaren 4an eta 5ean ikusteko aukera izanen dugu Larraintzarren (Ultzama) eta Ardanatzen (Izagaldea). Hemen duzue egutegi osoa.

LABURBIRAk 97 minututako film-labur sorta ikusgarria osatu du ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaini asmoz. Denetariko lanak aurkitu daitezke bertan, eduki zein estiloz, horietako asko jada zenbait zine jaialditan saritutako lanak. Besteak beste, Goya sarietarako izendatutako Ekain Irigoienen EUROPA eta Eneko Sagardoyren BETIKO GAUA filmek, Uhezinema jaialdiko UTLANDSK lan irabazleak edo Alaia Martinek Karmele Mitxelena eta Iraitz Mateorekin batera zuzendutako PENTSATZEN DUT.

Hauxek, aurtengo edizioan ikusgai izango diren film laburrak:

  • PROSOPAGNOSIA (Ekain Martinez)
  • PLAZER BAT (Sonia Estévez)
  • BETIKO GAUA (Eneko Sagardoy)
  • EUROPA (Ekain Irigoien)
  • PENTSATZEN DUT (Karmele Mitxelena)
  • HOR KONPON  (Jone Arriola)
  • GOODBAY KEPLER (Nerea Ayala, Patricia Fañanás, David Modroño, Iraia Yarto)
  • UTLANDSK (Alba Lozano)

Informazio gehiago, Taupa Mugimenduaren webgunean