Euskara zerotik: Iruñerriko bi esperientzia

Duela aste batzuk Bortzirietako esperientzia baten berri eman genizuen, oraingoan Iruñerrira goaz, Hiru-Herri (Uharte, Atarrabia eta Burlata) aldera: Euskara Zero ikastaroa. Batetik ‘Euskara merkataritzara’ programaren barruan Atarrabiako, Burlatako eta Uharteko udalek merkatariendako antolatu zutena, eta bestetik, Burlatako Udaleko Euskara eta Kultur-aniztasun eta Migrazio zerbitzuek euskarara hurbildu nahi duten herritarrendako antolatutakoa.

Nafarroako hainbat toki entitatek euskara merkataritzan bultzatzeko duten ‘Euskara Merkataritzara’ programaren barruan, Atarrabia, Burlata eta Uharteko euskara zerbitzuek abian jarri zuten urrian 20 orduko ikastaroa. Bi hilabete hauetan, euskarara hurbiltzeko eta haien denda eta tabernetan erabiltzeko euskarazko oinarrizko kontzeptuak ikasi zituzten. Bizi ditugun garai zail hauetan, zortzi-hamar lagun inguru ibili ziren bi hilabete hauetan zehar Burlatako Gaztelekun euskara ikasten. Gidari AEK-ko Javi Tejedor izan zuten.

Ikastaro labur honen helburua argia zen: parte-hartzaileek haien denda eta tabernetako bezeroei euskaraz artatzeko oinarrizko hitzak eta egiturak ikastea. Ikastaroaren balorazioa oso ona izan zen irakasle eta ikasleen aldetik. Gauzak horrela, datozen urteetan ‘Euskara Merkataritzara’ programaren barruan horrelako ikastaro gehiago antolatzea da asmoa.

Bestetik, aurreko urteko azaroan, azken hiru urteotan bezala, Burlatako Udaleko Euskara Zerbitzutik eta Kultura-aniztasun eta Migrazio Zerbitzutik “Euskara Zero” ikastaroa antolatu zen, AEKrekin batera. Ikastaroaren helburua ikasleak euskarara lehen aldiz hurbiltzea zen, edozein ikaskuntza formalen aurretik. Aurtengo edizioan erakargarriagoa egin nahi izan zen ahal izanez gero, eta honako lelo hau erabili zen, espazio-ontzi batek irudikatuta: “Aireratu… Gure hizkuntza ezagutzeko, lagunak egiteko, bilobekin mintzatzeko, lana aurkitzeko…”. Azken batean, euskarak aukera baliotsu anitz eskaintzen dizkigulako gure bizitzan. 

Hartara, hamabost lagunek eman zuten izena eta azaroaren 2tik abian jarri ziren gure hizkuntzara gerturatzeko. Burlatarrak gehien-gehienak, goraipatzekoa da haien guztien jatorriak: Bartzelona, Kolonbia, Ekuador, Mali, Nafarroa, Paraguai eta Peru. Espazio-ontziko kapitaina Arantza Goienaga Garro izan zuten, AEKko irakaslea.

Merkatarien ikastaroan bezala, parte-hartzaileek oso modu positiboan baloratu zuten ikastaroa eta haietako batzuek ikasketa prozesuarekin jarraitzera animatu ziren.