(H)ilbeltzaren 12. edizioa hastera doa

Urtarrilaren 19tik 25era (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren 12. edizioa ospatuko da Baztanen. Aurreko urtetan bezala, liburu aurkezpenak, solasaldiak, mahai-ingurua eta bestelako kultur jarduerak izanen dira Baztango zenbait herritan.

 

Aurtengo (H)ilbeltzari hasiera emateko, urtarrilaren 19an, astelehenarekin, 19:30ean, Arizkungo Medikuaren etxean Amaia Apaulaza itzultzaile eta 8. (H)ilbeltza bekaren irabazleak Nuria Cadenes Guillem eleberri euskaratua aurkeztuko du. 

Urtarrilaren 21ean, 19:00etan, Anizko elkartean, Ernesto Prat idazleak Muga hautsien hegalak eleberria aurkeztuko du, Ainara Urrizaren gidaritzapean. Baztanen kokatutako Lurra, Larru, Larra trilogiaren azken liburua da. 

Ortziralean, hilaren 23an, 19:00etan, Oraingoz izen gabe (Jose Julian Bakedano, 1986) filma ikusteko aukera izanen da Iruritako gizarte bilgunean. Ondotik, solasaldia izanen da Nire Pagola eta Zigor Etxebeste zinema adituekin. 

Larunbatean, hilaren 24an, egun osoko egitarau oparoaz gozatzeko aukera izanen da. Goizean, 11:00etan hasita, Elizondoko Arizkunenean, Basque noir edo euskal nobela beltza? mahai-ingurua izanen da Bea Salaberri eta Aingeru Epaltza idazleekin, Reyes Ilintxetak gidatua. 14:00etan herri bazkaria eginen dute, Erratzun. Txartela ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean eskatu behar da. Bazkalondoan, hiru liburu aurkeztuko dira Uxue Reyk gidatuta: Amorante frantsesa (Miren Agur Meabe), Haize beltza (Amaiur Epher) eta Azpijokoa Azpiazun (Iñaki Dorronsoro). Egunari amaiera emateko, ilunabarrean Erratzuko ostatuetan barna Susmagarrien gaua izanen da.

Bukatzeko, hilaren 25ean, igandean, 11:00etan, Erratzuko kanposatutik abiatuta, Itzuli Beltza eginen da, Josune Gorostegi eta Tania Fornieles aktoreek gidatuta. 19:00etan, Iruritako gizarte bilgunean, Mairu antzerki taldeak Pinpilipauxa horiak antzezlana eskainiko du.