Euskaraz bizitzeko pizkunde berri bat

Euskalgintzaren Kontseiluak, euskararen alde lanean ari diren erakundeek osatua, euskaltzaleon indar eta batasun erakustaldia egiteko zein euskararen biziberritzean bertze jauzi bat premiazkoa dela aldarrikatzeko, “Pizkundea” izeneko ekitaldia antolatu dute abenduaren 27an, Bilbon, Bilbao Arenan, 17:00etatik aitzinera.

Kontseiluak euskararen aldeko olatu berri baterako deia zabaldu nahi du ekitaldi honen bidez. Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi duen larrialdi linguistikoaren aitzinean, indar eta batasun erakustaldia egitera deitu ditu euskaltzaleak, eta honako mezua helarazi nahi dio jendarte osoari: euskara denon ardura dela. Honako eskaera egin nahi diete eragile instituzional, politiko, ekonomiko, kultural eta sozial guztiei, bakoitzaren erantzukizun eta erabakimenaren arabera: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioaren eta erabilera normalerako baldintzen alde egin dezatela.

Ekitaldian parte hartuko duten artisten zerrenda luzea da. Hitzartzeak izanen dira, baita ikuskizunak eta emanaldiak ere. Sarrerak oraindik eskuratzen ahal dira.