Hainbat gomendio Durangon erosteko

Ez-ohikoa izango da aurtengo Durangoko Azoka, osasun-egoerak baldintzatuta, eta aurten ez da standik egongo Landako Gunean. Horren ordez, Durangoko Azokako webgunean denda birtuala sortuko da estreinakoz eta azokazaleek bertan erosi ahal izango dituzte produktu guztiak, abenduaren 4tik 8ra arte. Klik egin eta aukeratutako produktu-sorta jasoko du eskatzaileak bere etxean.

Kulturzaleek aurten sortutako 852 nobedade izango dituzte eskura www.durangokoazoka.eus/eu/denda helbidean: 636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza...). Guztira, 2.300 produktu erosi ahal izango dira euskal kulturaren denda erraldoi honetan, 185 parte-hartzaileren eskutik (diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak, autoekoizleak...).

Gauzak errazte aldera, gomendio batzuk egin nahi dizkizuegu. 

Hemen dituzue gaurko proposamenak: 

 

Bernardo Atxaga
Kilker bat autopistan
Pamiela
Saiakera

Maite Artolak zuzendutako Faktoria irratsaiorako prestatutako gogoetak jaso dira liburu honetan, 2016ko udazkenean hasi eta 2020ko udara arte mikrofonoaren aurrean adierazitakoak. Irratirako pentsatuak izan zirenez, ahozkoaren kutsua dute, baina saiakera gisa aurkezten dira hemen, egileak berridatzita eta osatuta.

Kirmen Uribe 
17 segundo 
Susa
Poesia

Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Liburu honek hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. 
 

Bihar gomendio berriekin itzuliko gara. 

 

www.durangokoazoka.eus/eu/denda

Nobedade guztiak web orrian.