`Gogoan dut´: igerilekuan edo hondartzan irakurtzeko aukera on bat

Ohituak gaude molde klasikoko saiakerak irakurtzera, baina badira liburu batzuk, egileen gogoetez osatutakoak, zer pentsatu eta zer gozatua ematen digutenak; eta, gainera, puskaka eginak daudenez, saltoka eta jauzika irakurtzeko aukera ematen digutenak. Oso liburu aproposak dira, beraz, toki publikoetan irakurtzeko: hegazkinean, hondartzan… etxeko lasaitasuna ez dugun horietan alegia.

Haritz Galarragaren Gogoan dut da horietako adibide bat, Pamiela argitaletxeak plazaratuta. Galarragak bere oroitzapenak bildu ditu, apaingarririk gabe, eta, bereak izanagatik, bere belaunaldi osoarenak izan zitezkeen. Oroitutakoak errepasatu eta literaturara eramateko ariketa egin du Galarragak. “Gogoan dut memoria txarra izan dudala beti”. Esaldi horrekin abiatzen da Galarragaren liburua. Paragrafo laburren bitartez harilkatzen da testu osoa 144 orrialdetan, eta paragrafo guztiak hasten dira berdin: “Gogoan dut...”.

Memoria ariketa honek badu aurrekari bat. Izan ere, Joseba Sarrionandiak Akordatzen izenburuko liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxearekin. Galarragak akordura ekarri du Iurretako idazlea, eta honela jaso du liburuan: “Gogoan dut Joseba Sarrionandiak idatzi zuena, momentu batera arte etorkizunean bizi garela; momentu horretatik aurrera, derrepentean, igual konturatu gabe, iraganean hasten garela bizitzen”. Sarrionandiaren liburuan jasotakoak ez dira aforismoak, ezta poemak ere: iraganeko denbora eta geografia baten gogoeta poetikoak dira.

Egia esan, dietarioak argitaratzearen usadioa aspaldikoa da Europako literaturetan, baina gurean oso gutxitan landu da. Angel Errok 2004 eta 2018 bitarteko bere egunerokoen pasarteak eta garai bereko beste zenbait testu pertsonal bildu zituen Lerro etena liburuan, Elkar argitaletxeak plazaratua. Herabeak, umoretsuak eta ironikoak dira testuak, Erroren izaera bezalakoak; eta, gaiak, askotarikoak: literatura, gaixotasuna, gurasoak, heriotza, euskalduntasuna, maitasuna eta… igerilekuak.