Euskaltegiak mintzo: IKA Euskaltegiak - IKAsi

IKA euskaltegietatik dator notizia...

Txikitan, San Joan gauak muga psikologikoa ezarri ohi zuen. Gibelean neguko egun gris eta hitsak, eskolarekiko atsekabe guztiak, goiz etxeratu beharra...eta, aldiz, aitzinean geneukana: uda oso bat gure kaxa ibiltzeko, mendirako bidean txabolak egiteko, ibaian bustitzeko, jostaketan aritzeko eta, hoberena, lagunekin karrikan bokata afaltzeko.

Egun ere, askorendako, San Joan gauak muga markatzen du, hemendik aitzina oporrak, herrietako bestak, gau luzeak eta beroak. Hala ere, udan eguna luzea da eta denetarako astia ematen digu, ezta? Gustuko gauzak egiteaz gainera, ederki ibili eta pasatzeaz landa, uda, aspaldi egin nahi izan dugun hori egiteko garaia ere izan daiteke.

Horietako bat euskarari bulkadatxoa ematea izan daiteke, zalantzarik gabe. Norberarendako motiboak desberdinak izanen dira: aski herdoildua dudan euskara berreskuratzea, arras atzendua dudan euskara eguneratzea, seme-alabekin gehiagotan eta hobeki mintzatu ahal izatea, ezagutu berri dudan neska/mutil euskaldun horrekin euskaraz, trabatu gabe, aritu ahal izatea, ekainean gainditu ez dudan azterketa gainditu nahia… erranerak dioen bezala, zenbat buru, hainbat aburu!

Bai horixe, bakoitzak bere arrazoia izanen du aurtengo udan euskarari astinalditxo bat emateko. mingaina dantzan jartzeko… Bai, badakit. Hau irakurri eta hainbati sekulako pereza emanen dio abuztuan edo irailean
euskaltegira joan behar izatearen pentsatze hutsak. Baina nagiak astindu eta zatoz, izugarri ongi pasako duzu eta! Zu bezalako lagunak aurkituko dituzu, zure behar eta desira berberak dituen pertsonekin eginen duzu topo eta, jakina, munduko irakaslerik jatorrenak aurkituko dituzu. Zin dagit!

Badakizu non gauden. IKA- Arturo Campion euskaltegia gara eta Iruñeko Alde Zaharrean, Comedias karrika, 14an gaituzu.

Aurtengo udan bai? Uda honetan zure euskara mailari errepasoa eman nahi diozu? Jende jatorra ezagutu nahi duzu? Ez ezazu gehiegi pentsa! Nagiak atera eta zatoz gurekin euskaren ibaian bustitzera! Akaso, txikiak ginenean bezala, egunen batean egin berriak ditugun lagunekin karrikan bokata afalduko dugu...baina euskaraz!

Anima zaitez eta zatoz euskaltegira. Gure leloak, hitz-jokua eginez, dioen bezala: IKAsi!!