Euskaltegiak mintzo: "Euskara ez sexista"

Zubiarte Euskaltegi Publikotik dator notizia...

Nafarroako Hezkuntza sistemaren ardatzetako bat berdintasunean heztea da. Zubiarte Euskaltegi Publikoan ere egitasmo horrekin bat eginda, aurten, irakasleok urtero egiten dugun berariazko prestakuntzaren barruan EGINEN AL DUGU EUSKARA EZ-SEXISTA? ikastaroa antolatu dugu eta momentu honetan 15 orduko hastapen-ikastaroa egiten ari gara urtarril eta otsailean Inma Zestau irakasleak gidaturik.

Hizkerak pentsamoldeak (er)aldatzen du, eta pentsamoldeak hizkera bideratzen du. Gurpil zoroa dirudien hau gaindituko badugu, ongi erreparatu behar dugu darabilgun hizkuntzari eta honek izaten ahal dituen ondorio baztertzaileei. 

Berez, hizkuntza ikasten eta irakasten den eraikuntza soziala da. Hizkuntzen bidez antolatzen dugu gure pentsaera eta ikusteko modua ere bai. Hitzen bitartez izendatzen ditugu objektuak, pertsonak eta sentimenduak. 

Euskara ez omen da hizkuntza sexista ( gaztelaniarekin duen aldea nabarmena da), baina horren erabilerak bi ezaugarri izaten ahal ditu. Batetik,  androzentrismoa, hau da, gizona erreferentzia-gunea izatea; eta, bestetik, sexismoa, hots,  sexuen tratamendu estereotipatua: emakumea amatasunarekin erlazionatua, adjektibo jakin batzuk erabiltzea emakumeez ari garenean… 

Gure hizkuntzan, bereziki, emakumeen aurkako sexismoa ikusten da. Horiei erreparatu eta gainditu nahian, gure eguneroko testuei heldu behar diegu, nola hitz egiten dugun eta idazten dugun aztertu behar dugu, alegia. 

Helduen irakaskuntzan berdintasunean arituko bagara, gure hizkerari ez ezik, gure jokamoldeei ere erreparatu behar diegu: ongi ikusi behar dugu zer nolako adibideak jartzen ditugun klasean, nolako gaiak lantzen ditugun, zein diren gure materialetan txertatzen ditugun irudiak, nola agertzen garen, hezitzaileak garen heinean, berdintasunaren alde.

 Horixe erronka! Horixe  ardura!