Erosketak euskaraz egitea eta tokiko merkataritza

Merkealdi sasoian gaude bete-betean. Mota guztietako saltokiek euren eskaintzak iragartzen ari dira egunotan. Nafarroako euskara zerbitzuek eta euskalgintzako zenbait eragilek merkataritza egitasmoak dituzte abian, ez direnak urte sasoi honetara soilik mugatzen.

Kanpaina horien xedea herritarrei informazioa ematea da, alde batetik, eta, bertzetik, merkatariei hainbat zerbitzu eta euskarri eskuratzea. Jarraian, Nafarroan erosketak euskaraz egin ahal izateko euskara zerbitzu eta elkarteek abian dituzten kanpaina eta egitasmoak zerrendatzen dira. Horietan guztietan, tokiko merkataritzaren aldeko apustua egiten da, modu ageriko zein zeharkakoan.

Iruñerria, Gares eta Lizarra

Gares eta Lizarrarekin batera, Iruñerriko Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Uharte eta Zizur Nagusiko udalek Euskara Merkataritzara egitasmoa martxan dute  2004. urteaz geroztik. Egitasmo horren baitan, udalen eta establezimenduen arteko hitzarmenak sustatu dira. Udalek hainbat baliabide, material eta euskarri eskaintzen dizkiete merkatariei. Gaur egun, 206 komertziok parte hartzen dute ekimenean.

Merkataritzan euskaraz

Betiere Iruñerrian, Karrikiri euskara elkarteak zerbitzua euskaraz eskaintzen duten establezimenduen zerrenda osatua du. Programa horretan parte hartzen duten establezimenduek konpromisoa hartzen dute: jendaurrean beti euskaraz harrera egiten ahal duen euskaldun bat egon beharra da, eta, bidenabar, identifikaziorako logoak begi bistan paratu. Gaur egun, 260 establezimendutik gora zerrendatuta daude, eta mapa baten bitartez aurkitzen ahal dira.

Baztan, Bortziriak eta Malerreka

Bertako merkataritza eta herritarrek herrian bertan erosketak euskaraz egitea sustatzeko Herrian erosi, euskaraz erosi kanpaina abian dute Baztan-Bidasoa aldean. Egitasmo horren baitan, establezimenduei hainbat zerbitzu eta euskarri eskaintzen zaizkie. Berriki Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako euskara zerbitzuek euren eskaintzari buruzko bideo animatua zabaldu dute.

Sakana

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Merkataritza Euskaraz kanpaina du martxan. Kanpainaren helburua Sakanako denda, zerbitzu, taberna eta jatetxetan euskaren erabilera eta presentzia handitzea da (kartelak, errotuluak, webgunean…).

Bai euskarari ziurtagiridunak

Bai Euskarari Ziurtagiriak euskararekin konpromisoa hartzen duten entitateak bistaratu eta aitortu egiten ditu. Ziurtagiridunek hainbat neurri hartzen dituzte, erraterako, errotulazioa eta iragarpena euskaraz izatea, arreta euskaraz eskaintzea, eta abar. Bai Euskarari Elkarteak aholkularitza eskaintzen die establezimenduei, baita jarraipena egiten ere hartutako konpromisoei. Ziurtagiridunak mapa honetan aurkitzen ahal dira.

Nafarroako hainbat udal eta mankomunitatek egitasmoa sustatzen dute, baita ziurtagiridunei dirulaguntzak ematen ere.

Barañain

Bortziriak

Malerreka

Iparraldeko Mankomunitateko udalerriak

Iturriak:

Nafarroako euskara zerbitzuen sarea

Karrikiri Iruñeko Euskaldunon Topagunea

Bai Euskarari Elkartea