FILMIN, etxean zinea euskaraz

Filmin, euskarazko lehen online kanala, haurrentzako zinemarekin, dokumentalekin eta streaming bidezko filmekin

Filmin online zinema-plataformak euskarazko streaming bidezko filmen lehen kanala jarri du abian, Filmin Euskaraz, eta bertan, erabiltzaileek fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema ikusi ahal izango dituzte.

Plataformak jakitera eman duenez, eskaintzak euskaraz filmatutako euskal ekoizpenak eta hizkuntza horretan bikoiztutako edo azpititulatutako zenbait titulu biltzen ditu.

Estreinaldian, kanalak (www.filmin.es/Canal/filmin-euskaraz) 40 film inguru bildu ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira euskal zinemaren azken urteetako arrakastak: Telmo Esnalen "Dantza", Koldo Almandozen "Oreina", Asier Altunaren "Agur Etxebeste!", Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren "Loreak", eta Roberto Castonen "Ander".

Filmin Euskaraz hiru bloketan banatzen da: fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema. Azken bloke honetan, plataformaren erabiltzaileek Mark Osborneren "Printze Txikiao", edo "Dragon Ball" bezalako animaziozko filmak izango dituzte eskuragarri, baita ekoizpen euskalduneko animaziozko filmak ere, hala nola Juan Bautista Berasategiren "Nur eta herensugearen tenplua" edo Gorka Sesmaren "Pixi Post eta opari emaileak".

Dokumentalen blokearen eskaintzaren artean, plataformak Oier Aranzabalen "Margolaria", Josu Martinezen "Jainkoak ez dit barkatzen" eta Joseba Sarrionandiaren obratik abiatutako "Gure Oroitzapenak” film kolektiboa. Bertan, euskal zinearen izenik ospetsuenek hartzen dute parte, tartean Oskar Alegriak eta Fermin Muguruzak.

Filminek adierazitakoaren arabera, plataformaren asmoa "pixkanaka titulu kopurua handitzen joatea da, zinemarik onena publiko euskaldunarengana hurbildu ahal izateko. Laster, esaterako, sartuko dira, Golem etxeak euskarazko azpitituluekin banatutako filmetako batzuk.

https://www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz