Etxetik Plazara, euskara modu atseginean lantzeko

Etxetik Plazara egitasmoa Bortzirietako, Malerrekako eta Leitzaldeko IKA euskaltegiko kideek sortu zuten duela 25 urte. Lehendabizi, aldizkaria martxan jarri zuten, eta, segituan, izen bereko irratsaioa ere abiatu zuten, Xorroxin irratiaren uhinen bidez.

Ekimen bikoitz horrek helburu anitz ditu, baina honako ideia garrantzitsu hauetan laburtzen ahal dira: aldizkaria euskara etxetik mugitu gabe lantzeko tresna da; alde batetik, euskaltegira joaten ez den jende euskaldunarendako, eta, bertzetik, euskaltegian ikasten ari diren ikasleendako. Aldizkariaren helburua bai irakurmena, bai idazmena, bai gramatika ahalik eta arin eta atseginen lantzen laguntzea izan da eta izanen da; betiere,  zonaldeko euskalkien eta euskara batuaren arteko zubi-lana eginez. Era berean, irratsaioen helburua antzekoa izan da. Xede horiek betetzeko, hainbat ariketa planteatzen dira: irakurgaiak, bertsoak, kantak, berri bitxiak, errezetak, toponimia, ikasgaiak…

25 urte hauetan 164 ale argitaratu dituzte. 125. alea gauzatu zenean, Etxetik Plazara liburuaren bilduma ere kaleratu zuten. Bertzalde, irratsaioei dagokienez, aipatu behar da 600 emisio inguru burutu dituztela (saio bakoitza 30 minutukoa). Irratsaio horiek 25.000 balizko entzulerengana ailegatzen ziren. Gaur egun, ordea, irratsaioaren edukia egokitu eta modernizatu nahian, parentesi txiki bat egin dute euskaltegiko kideek, podcast formatura pasatzeko pausoa emateko.

Ibilbide luze horretan, proiektuan lan talde anitz aritu dira, eta bakoitzak bere ilusioa zein ekarpen interesgarri eta aberatsa egin du. Eta ez hori bakarrik, aldizkariak kolore ezberdinak ere izan ditu: zuria, izokin kolorea, laranja, berdea eta orain duena, horia, alegia. Diseinuari dagokionez, aipatu behar da poliki-poliki aldizkariak berezko estiloa lortu duela eta hori Joseba Larratxe marrazkilariari esker izan dela.

Duela 7 urte arte, aldizkaria Leitzaldea, Goizueta, Imotz Basaburua, Lekunberri, Ultzama, Anue… eskualdeetan banatzen zen. Hasierako urteetan Lapurdi eta Nafarroako Xareta eremura ere ailegatzen zen, eta ia 10.000 ale banatzen ziren. Egun, berriz, 4.500 ale banatzen dira, Ttipi-ttapa aldizkariaren harpidetzaz baliatuz. Baina sarean ere aurkitu daiteke Etxetik Plazara.

Etxetik Plazara egitasmoaren erronka, azken finean, izenak berak dioen gisan, euskara etxetik plazara eramatea da. Etxeko euskara harrotasunez plazara eraman, eskolara, udaletxera, jolas-parkera, banku-etxeetara, medikuarenera... mundura! Euskaraz bizi nahi dugulako!