Jokatu "Egunean Behin"

Bada urte bat mugikorrerako "Egunean behin" aplikazioa plazaratu zuela CodeSyntax enpresak, eta, dagoeneko, askok eta askok jaitsia dute beren Android eta iPhoneratan. Orain, otsailaren 3tik martxoaren 29 arte, jokatzen ari da 3. denboraldia. Oso egokia da euskaraz ikasten ari direnentzako, galderen egitura errepikatzen delako.

Trivial estiloko  galdera-erantzunen jokoa da. Behin aplikazioa jaitsi eta instalatuta, Egunean Behin jokatzeko aukera dago: 10 galderako galdetegi bat (kultura, kirola, matematika, geografia, literatura,...) erantzutea da kontua, ahalik eta denborarik laburrenean. Zenbat eta gehiago asmatu, eta zenbat eta bizkorrago, bada, puntu gehiago! Sailkapena, astekoa izanen da. Astelehenero lehiaketa berria jartzen da martxan, eta igande gauean puntu gehien eskuratzen dituenak oparia jasotzen du.  
Jokoaren aukeren artean taldea egitea dago. Alegia, sailkapen orokorrean ez ezik,  partidak lagunekin, familiakoekin, ikastetxeko lagunekin, lantokikoekin... konpartitzeko aukera ematen du. Telefonoko kontaktuekin zuzenean egin ahalko da talde berri bat, whatsappean egiten denaren antzera.
Euskaratik eta euskaraz sortutako 50.000 galdera daude datu-basean. Euskarazko Wikipedia izan da iturri nagusienetakoa, hango informazio egituratua erabili delako galdera asko eta asko sortzeko. Partida guztiek logika berdinari erantzuten diote eta jasotako galderen zailtasun maila guztientzat antzekoa izango den arren, galderak desberdinak dira beti. Galdera mota asko era honetakoak dira: Zer herritakoa da argazki bat? Nola esaten da limoia iparraldean? Zenbat biztanle ditu Zornotzak? Non jaio zen Loli Astoreka euskal aktorea? Zein da argazkiko euskal pilotaria? Munduko zer herrialdetan dago aterata beste argazki hau? Egingo al zenuke matematikako eragiketa hau? Ze artistarena da goiko koadroa?...
Aplikazioa, hemen

https://www.codesyntax.com/es/blog/egunean-behin
Jaitsi eta jokatu Egunean Behin