Egunean Behin. Denboraldi berria abian da

Helduen euskararen ikasketa prozesuan lagungarri izan daitekeen joko bat aurkezten dizuegu gau ELAIDEn, alegia “Egunean Behin”. Jokoaren bosgarren sasoia izango da. Lehen egunean 15.000 erabiltzaile baino gehiago izan ditu jokoak.

Ikasturte berriarekin batera datorkigu sakelako joko arrakastatsuaren bosgarren denboraldia.

"Egunean Behin" euskarazko galdera-erantzunen jolas bat da. Egunero partida bakarra jokatu ahal izango duzu, eta 10 galderari erantzun beharko diezu lehenbailehen. Zenbat eta erantzun gehiago asmatu, ahalik eta denbora laburrenean, hobe

Irailaren 28an ekin zion denboraldiari, eta 15.000 erabiltzaile baino gehiagok hartu zuten parte lehen egunean. Hamabi asteko iraupena izango du sasoi berriak, eta, orain arte bezala, jokalari bakoitzak egunero hamar galdera erantzun beharko ditu ahalik eta denbora laburrenean.

Jokoaren garatzaileek ondo dabilena ez aldatzearen alde egin dute denboraldi berrian. Izan ere, milaka jokalari ditu jokoak; horren ondorioz, lehia, sailkapen nagusian egon beharrean, erabiltzaileen artean egindako taldeetan sortzen da. 40.000 talde inguru daude, eta horietako askotan aparteko sariak banatzen dituzte. Laugarren denboraldia ere arrakastatsua izan zen, eta itxialdiak iraun zuen asteetan goia jo zuen. 80.000 pertsona inguruk jokatu zituzten eguneko partidak. Astero 400.000 galdera inguru erantzun zituzten, eta, denboraldi osoan, lau milioi. Galdera sorta eta mota berriak izango ditu denboraldi honek. Badu berrikuntza bat gainera: babesle berri bati esker sari berriak eta potoloak izango direla iragarri du.

Guuk telefonia eta Interneteko konpainia berriak babesten du denboraldia, eta harenak izango dira sari nagusiak: egonaldi bat Mutrikuko (Gipuzkoa) Haitzalde hotelean, otordu bat Iribar jatetxean, eta Errigorako saskia. Sailkapen nagusi horretan, sasoian zehar jokatutako bost asterik onenen datuak hartuko dira aintzat. Lehen asteko babeslea ere Guuk izango da, eta sakelako bi telefono banatuko dituzte: bata, asteko irabazlearentzat, eta bestea, jokalari denen artean zozketatuta.

Informazio gehiago eta deskargak hemen.