Buruz, bihotzez, oinez, badator Nafarroa Oinez!

Urriaren 19an izanen da Nafarroa Oinez eguna. Adin guztiendako jarduera, ikuskizun eta kontzertu-sorta zabala antolatu du Paz de Ziganda ikastolak. Familia giroan edo lagunartean euskal giroaz gozatzeko aukera aparta Iruñetik bertan. Euskaltzale guztiei Atarrabiara hurbiltzeko gonbitea egin diete. 

Paz de Ziganda ikastolari dagokio aurtengo Nafarroa Oinez eguna antolatzea. Ibilbideak Atarrabiako karrikak zeharkatuko ditu. Ia 3 kilometro eta hiru gune izanen ditu eta bertan izanen dira zenbait musika talde, giroa berotzeko prest: esaterako, Korrontzi, Gozategi, Goazen, Xaibor, Nafarroa 1512 eta Sorotan bele gogoan. Bestelako ikuskizun eta jarduerak ere egonen dira: herri kirolak eta gazteendako erronka; haurrendako magia ikuskizuna, jolasak eta hainbat animazio, eta ibilbidean zehar Kuxkuxtu, Galtzagorri eta konpartsak. 

Nobedade gisa, OINESESCAPE antolatu dute, 8 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera: Nafarroa Oinez ibilbidean zehar, euskara eta euskal kulturaren alde jardun diren lagunen inguruko informazioa ezkutatuko da eta lortutako pisten bitartez nor den asmatu beharko da. 

Asteburu pasa joan nahi duenak ere badu aukera, larunbatean hasiko baita jai giroa. 

Egitaraua osorik hemen.