Aste oso bat, euskararen munduetan barna
Otsailaren 21ean, ama-hizkuntzaren nazioarteko egunaren karietara, Plazara, AEK, Uda Leku, Dindaia eta Ebete egituretako kideak Baionan elkartu dira “Famili’on egonaldi” ibiltariaren lehen edizioa aurkezteko.
Familian momentu goxoak pasatuz, ikasten segitu
AEKk esperientzia handia du ikastaldi eta barnetegien antolaketan, eta Uda Lekuk animazio bilguneetan eskola oporren garaian. Aspalditik zuten buru txoko batean, egun batez biak uztartu eta familien egonaldi baten antolatzearen ideia. Eta 2025 honetan gauzatu da.
Nolakoa izanen da egonaldia? Goizean, helduak euskara klaseetan izanen diren bitartean, haurrak jolasten ibiliko dira. Arratsaldean, guraso-haur aktibitateak proposatuko dira eta arrats batzuetan, publiko zabalari irekitako animazioak. Helburu nagusia parte-hartzaileen euskara maila hobetzea da eta familien hizkuntza ohiturak aldatzea, baina baita Euskal Herriko xoko ezberdinak ezagutzea ere, euskararen eta euskal kulturaren bidez.
Aurten Ipar Euskal Herriko udaberriko oporrek bat egiten dute Hego Euskal Herriko Aste Santuko oporren bukaerarekin, Arabako San Prudentzio bestarekin eta maiatzaren 1eko zubiarekin. Ondorioz, edizio honetan Euskal Herri osoko familiek parte hartzen ahalko dute.
Ilusioz eraikitako egonaldia
Bi formula ezberdin sortu ditugu:
- Aste bat barnetegian, 5 egun eta 4 gau Baigorri (Baxe Nafarroa) eta Lesaka (Nafarroa) artean, maila aurreratua duten gurasoentzat (B1-B2),
- Aste bat ikastaldian, 5 egun etab 4 gau pasatuz Arbona (Lapurdi) eta Orio (Gipuzkoa) artean, oinarrizko maila duten gurasoentzat (A2).
Talde txikiak lehenetsi ditugunez, aste bakoitzean 20 familiak parte hartzen ahalko dute, 3 eta 11 urte bitarteko haurrekin. Aste bakoitzaren prezioa 300€ eta 650€ artekoa da, formularen eta seme-alaba kopuruaren arabera. Prezio horretan sartzen dira: egonaldia, garraioa, lo tokia, aktibitateak, klaseak, animazioak eta materiala.
Izena emateko epea irekia da martxoaren 15a arte (larunbata), AEK-rekin kontaktuan sartuz telefonoz (06.03.20.50.10) edo e-mailez (ikastaldi@aek.eus).
Hilabete hauetan, Famili’on egonaldia antolatzen duten 5 elkarteek elkar ezagutu dute, elkarrekin lan egiten ikasi dute eta etorkizuneko proiektu amankomunen inguruan amesten aritu dira. Lehen esperimentazio hau berritu eta indartu nahi lukete 2026an, Euskal Herri osoko familien arteko loturak (ber)eraikitzeko xedearekin. Bitartean, elkarte bakoitzak bere eguneroko lanetan segituko du euskarari etorkizun sendoa emateko.
Informazio gehiago behar izanez gero: eneko@plazara.eus – 06.77.82.20.20