Xiba, zure adimena trebatzeko jokoa

Egunean Behin joko arrakastatsua sortu zuen talde berak jarri du martxan Xiba, egunero dosi txikietan kontsumitzeko beste joko eta aplikazio bat.

Joko bat baino gehiago, Xiba minijoko sorta bat da. Buru trebezia eta arintasuna neurtzeko denbora-pasak dira, adimena trebatzeko eta sasoian mantentzeko ezin hobeak. Guztira, zortzi proba edo erronka txiki biltzen ditu: hiztegia eta hizkuntza aberasteko, Letra zopa eta Gaurko hitza; kalkulu matematikoa eta logika lantzeko, berriz, Quento; Bikoteak, memoria bisuala; Elkartu gaiak, kontzeptuak lotzeko gaitasuna; Zaldunaren urratsa, estrategia; eta Klikatu eta Aukeraketa,  erreakzio abiadura.

Zortzi proposamen horietatik, egunero hiru joko desberdin aurkituko ditugu, minutu pare batean ebazteko modukoak, eta, bakoitza gainditzerakoan, gainerako erabiltzaileekin alderatuta zer moduz ibili garen ikusi ahal izanen dugu.

Xiba CodeSyntax enpresak garatu du, eta doan jaitsi daiteke Android zein iOS gailuetan.

Animatu eta probatu!