Udazkenak Antzerki Aroa dakar Iruñera

Urriaren 16tik azaroaren 6ra, asteazkenetan, euskarazko lau antzezlan ikusteko aukera izanen da Nafarroako Antzerki Eskolan. Prezio orokorra 8 euroko da.

Iruñeko Udalak antolatuta, hemen da berriro Antzerki Aroa, euskarazko antzerki zikloa. Urriaren 16tik azaroaren 6ra bitartean lau antzezlan taularatuko dituzte, asteazken bakoitzean bana, Nafarroako Antzerki Eskolan (NAE), arratsaldeko 19:00etan. 

 

Antzezlanak

Errege begibakarra lanak emango dio hasiera zikloari. Inextremis konpainia nafarraren hirugarren ekoizpen eszenikoa da eta Tanttaka Teatro konpainia gipuzkoarrarekin batera ondu dute. Fernando Bernuesek zuzenduko du Marc Crehuet antzerkigile katalanaren testuan oinarritutako lana. Zer gertatuko litzateke, afari batean, manifestazio girotik urrun, istiluen aurkako polizia batek eta haren biktimak topo egingo balute?

Postdatarik gabeko gutunak antzerkia Kepa Errastik idatzitako bakarrizketa partekatua da, Xake Produkzioak ekoiztuta. Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hori posdatarik gabeko gutunak bidali dizkion pertsona ezezagun bati eskainiko dio.

Hirugarren emanaldia Artxibo biluzia izanen da. Metrokoadroka konpainiaren lana da eta Marina Suarez Ortiz de Zaratek eta Oier Guillanek zuzentzen dute. Hitzaldi performatiboa, antzerki dokumentala eta umorea uztartzen dituen pieza eszenikoa da. 

Olagarrua antzezlanak itxiko du aurtengo Antzerki Aroa. Herri bateko hiru emakume, Olatz Beobide, Maitane Perez eta Nerea Arriola, eta olagarro bat dira antzezlanaren ardatza. Helburu bakarra dute: gorputzetik, plazeretik eta fantasiatik datozkigun erruak, txikiak eta handiak, astintzea.

 

Egitaraua

  • Errege begibakarra (Inextremis). Urriaren 16an, 19.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
  • Posdatarik gabeko gutunak (Xake Produkzioak). Urriak 23, 19.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
  • Artxibo biluzia (Metrokoadroka). Urriak 30, 19.00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan.
  • Olagarrua (Antzerki Aroak/Ttipia). Azaroak 6, 19.00, Nafarroako Antzerki Eskolan.

 

Sarrerak

Orokorra: 8 euro. Euskara ikasleak: 5 euro. Lau saioetako bonoa: 20 euro. Salgai Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian edo webgunean.