Abian da Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketa

Asteburuan eman diote hasiera 2024ko Bardoak txapelketari 13 talderekin. Urriaren 26an jokatuko da finala Garesen.

2012an sortu zen Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketa, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartu asmoz. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian hartuz. Txapelketak bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen du, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz. 

2024an Bardoak taldekako txapelketaren zazpigarren edizioa jokatuko da. Irailaren 13an hasi eta urriaren 26ra arte, guztira 20 saio izanen ditu taldekako txapelketak. Finala Garesen eginen da. 

Lehen saioak

Lesakan, Sunbillan eta Lizarran jokatu dira taldekako txapelketako lehendabiziko saioak. `Hor gu!´, `Malerreka ez da Baztan´ eta `Manteleko sobrak´ izan dira talde garaileak eta bigarren fasera pasatzeko bidean lehen puntua jaso dute. 120 lagun baino gehiagok gozatu dute emanaldiaz giro ederrean. 

Hurrengo saioak ostiral honetan jokatuko dira Iruñean, Lekunberrin, Olaztin eta Lekarozen. 

Bere xumean, handia da Bardoak txapelketa: 13 talde eta 91 parte hartzaile izanen ditu 20 saiotan eta Nafarroa osoko 18 udalerritan. Finala urriaren 26an izanen da Garesen. Lehiaz haratago, Nafarroako bertsolaritzaren eta euskal kulturaren festa handia izango da.

Bardoak 2024

Txapelketari buruzko informazio eguneratua: taldeak, saioak, sailkapena eta azken berriak www.bertsozale.eus webguneko Bardoak 2024 atalean.