Uda primerako sasoia da liburuak irakurtzeko. Denbora libre gehiago dugu, eta gauza gutxiago ditugu buruan. Elaidetik gomendioen zerrenda bat prestatu dugu berriki plazaratutako liburuekin. Ez dago aitzakiarik lerro artean murgiltzeko.
Maurizia: biziminaren hotsa
Garbiñe Ubeda eta Garluk
Komikia
Ikastolen Elkartea
Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea euskal kulturaren ikonoetako bat da. «Aupa Maurizia!» oihuaz girotu zituen Euskal Herriko plazak. Hari buruzko komikia egin dute Garbiñe Ubedak eta Garlukek, baina, mitoaz haratago, bere bizitzaz dihardu komikiak, ordura arte gizonezkoena zen mundu batean lehen lerroan jartzea lortu baitzuen Mauriziak.
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Eleberria
Elkar
Zer sentitzen du kuartel batean bizi den haur batek? Ze harreman du handik kanpoko neska-mutilekin? Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten semea da protagonista, Ivan, eta haren sentipenek, bizipenek eta hausnarketek harilkatzen dute nobelaren mataza. Mendiguren pertsonaia horren barruan sartzeko eta hura ulertzeko enpatia ariketa bat egin du. Gogoetarako parada ere hartu du Mendigurenek, bereziki eleberriaren amaiera aldera: adiskidetzeaz, biktima izateaz, minaz, aitortzaz…
Paziente isila
Alex Michaelides (Itzultzailea: Fernando Rey)
Eleberria
Erein
Arrakasta handiko margolari batek bere senarrari bost tiro jo, eta mutu dago harrezkeroztik. Kasuarekin tematuta dagoen psikoterapeuta batek zoritxarreko gau hartan gertatutakoa argitu nahi du, eta hiltzailea dagoen zentro psikiatrikoan hasiko da lanean hilketa gertatu eta handik sei urtera. Aliciak isilik jarraitzen du, baina psikoterapeuta berehala ohartuko da uste baino askoz gehiago dagoela ezkutuan. Thriller psikologiko erakargarria da, oso ongi egituratua eta irakurtzen segitzeko adikzioa sortzen duena.
Amorante frantsesa
Miren gur Meabe
Poema bidezko eleberria
Susa
Poema bidez idatzitako nobela da Miren Agur Meaberen lan hau, pertsonaia arrunt baten epopeia xumea, thriller ukituekin. Kontakizun honetako protagonista Agurtzane da. 60 urte beteak, atezaina da ikastetxe batean eta bi egiteko nagusi ditu: osasun mental arazoak dituen ahizpaz arduratu eta birloratzeko sentitzen duen irrika asetu. Irati Beraza ikaslearen gorpua Artxandan agertu izanak, ordea, detektibe amateur bilakatuko du.
Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Narrazioa
Alberdania
Demagun bizitza oihal bat dela. Demagun oihal horrekin neurriko jantziak jos daitezkeela. Demagun Jostorratza eta haria hauxe dela: ama batek jaiotzear dagoen alabari oparitzen dion josteko manuala, patroiak eginez, txatalak batuz eta urradurak errepasatuz neurriko soinekoak molda ditzan bizitzaren oihalean. Arrietak 1997ean Irun saria jaso zuen Jostorratza eta haria izeneko lanarekin. Oraingoan, berriz, berretsi baino ez du egiten orduan esandako hura: hitzak josiz noa osatzen nire etxea. Edizio honetan Iratxe Retolazaren hitzaurrea gehitu da.
Haize beltza
Amaiur Epher
Eleberria
Txalaparta
Haizea, areago haize beltza, norabide aldaketen iturri da, bai eta aieru gaiztoen iragarle ere. Nobela honetako protagonista gaztea, Tomas, euskal literaturan nor izan nahi duen idazle pedante, etsitu eta kexatia da, iparraldea deitu ohi dugun ekialdeko loser bat. Ironia handiz eta bere buruaz trufa eginez, Tomas aitzakia bila ari da bere hirugarren nobela izanen den horren idazketa atzeratzeko, buruan haize okerra sartzen zaiola. Bere ezinei jarraituko diegu irakurleok eta, bidean, literaturari, idazketari eta laguntasunari kantu bat aurkituko dugu.