EITB kultura, sortzaile eta eragileen ahotsa

"EITB kultura" asteroko saioak Euskal Herri osoko sortzaile zein eragileei ahotsa ematen die, talde, kolektibo zein norbanako. Kapituluek 30 minutu inguruko iraupena izaten dute eta EITB nahieran webgunean dute aterpe. Urte hasieran "Argia Saria" jaso zuen saioak, euskal kulturaren berrikuntzak ezagutarazteko egiten duen lan bikainagatik.

Euskal kultur sorkuntzari buruzko erakusleihoa da EITB kultura, 2006az geroztik euskal telebistan ikusgai dena. Egile zein artistek eskainitako elkarrizketek ez dute berehala gaurkotasun eta interesik galtzen, eta tartean emanaldi eta sorkuntza harribitxiak topatzen ahal ditugu. Urte hasieran, saioak Argia Saria jaso zuen euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik. Bertzeak bertze, honako hau azpimarratu zuen epaimahaiak: “Magazin honek kulturaren nobedade, joera eta barrunbeak disfrutatzera gonbidatzen gaitu, eta egia esan, plazer bat da telebista piztu, eta eurekin topatzea". EITB nahieran webgunean bilduta daude saio guztiak, txukun-txukun eta eskuragarri.