Uda hondarrean irakurtzeko liburuak

Udako azken egunetan gaude, baina oraindik egun batzuk geratzen zaizkigu lanean edo ikasten hasi aurretik. Ikasturte berriaren zurrunbiloan sartu baino lehen, gozamen da esku batean liburu on bat eta bestean freskagarri bat izatea. Elaiden gustu guztietarako egokiak diren lau irakurketa proposatu nahi ditugu, eleberritik hasi eta saiakerara arte, hibrido batetik pasatuz. Izen ospetsuek eta promesa gazteek sinatuta, kritika espezializatuaren lausenguak jaso dituzte denek.

Mundu zitalaren kontra (Elkar, 2024)
Lizar Begoña
Eleberria  

Benidormeko kiosko batean lanean ari diren bi emakumeren artekoak kontatu ditu Begoñak Mundu zitalaren kontra eleberrian. Kioskoaren jabea da bata, adinekoa, kioskoa ireki zuen arrantzalearen alaba, ahizpa zahar elbarriarekin bizi dena; eta udan hara lan egitera joan den Arte Ederretako ikasle gaztea da bestea. Bi emakume horien hitzen artean azaleratuz doa maitatzeko ereduei buruzko kezka. Bi bakardade paraleloren kontaketaren bidez, egungo gizartearen erretratu zorrotz bat egiten du egileak.

 

 

 

Etxe bat norberarena (Alberdania, 2024)
Yolanda Arrieta 
Hibridoa

Etxe bat norberarena aldarrikatu du Yolanda Arrietak. Virginia Woolf idazlearen esaldi ospetsua bere egin, eguneratu, eta entsegu poetiko bat ondu du horretarako. Gaurko egunetik ari den emakume idazle baten kontakizuna da Etxe bat norberarena. Idazlea zahartzaroaren atarian da, eta bada egindako bidearen errepaso moduko bat; baina, batik bat, datorkion garaia era duin eta baikorrean bizitzeko nahia jartzen du agerian. Liburua zaila da sailkatzen. Saiakera gisa aurkeztu liteke, baina genero literario bat baino gehiago hartzen ditu, batez ere poesia eta entsegua.

 

 

 

Musker amarruak (Erein, 2023)
Jon Arretxe 
Eleberria 

Arretxek eleberri sozial bat idatzi du berriz Toureren sagako hamargarren atal honetan, boteretsuen gehiegikeriak eta baztertuen egoera zorrotz salatzen dituena. Alabaina, Musker amarruak nobelan, idazle basauriarrak hain berezkoa duen umorea aurkituko du irakurleak, beltz samarra eta ukitu surrealista batekin. Ederki girotutako eszenak dira nagusi, turista arruntek Kanaria uharteetan aurkituko ez dituzten bazterretan kokatuak.

 

 

 

 

Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz (Katakrak, 2024)
Perry Anderson (Itzultzaileak Iñigo Roque eta Amaia Astobiza) 
Saiakera

New Lef Review pentsamendu aldizkari politikoan argitaratu zituen Perry Andersonek liburu honetan jasotzen diren bi testuak: Presaka Betleemerantz eta Siongo etxea. Perry Anderson historialari eta saiogile marxistak ohi duen zehaztasun eta ikuspegi zabalarekin, gutxitan bezala azaltzen du Palestinaren kolonizazio sionista eta azken mendean egon diren une politiko erabakigarrienetan egin diren irakurketa ezberdinak. Geopolitika eta teoria politikoaren bidegurutzean kokatzen da liburu labur, aberats eta soil hau.