Gozatu sanferminak euskaraz

Larunbat eguerdian lehertuko da festa Iruñean, Duguna dantza taldearen eskutik. Arropa zuria eta zapi gorria jantzi eta gustuko jarduerak aukeratzen hasteko ordua da. Iruñeko festak euskaraz bizitzeko eta gozatzeko hamaika aukera eskaintzen ditu.

KONTZERTUAK

Euskal taldez gozatzeko hamaika aukera izanen dugu aurtengo sanferminetan. Batetik, egitarau ofizialaren barruan, euskal taldeen kontzertuak antolatu dira Iruñeko erdigunean bertan, Gaztelu plazan. Bestean beste, Izaro, Zetak eta Gorka Urbizu igoko dira oholtza gainera.  

Bestalde, aurtengo festetan Herri sanferminen eskaintza itzuli da. Egunero kontzertuak eta festa giroa izanen da O plazan.

Arrano elkarteak ere sanferminetako egitaraua berreskuratu du. Elektrotxaranga, DJak eta zenbait talderen kontzertuak antolatu dituzte. Karmen kalean jai giroa nagusituko da, besteak beste, Eskabidean, Anje Dualde eta Ibil bedi taldeekin.

LABA elkarteak ere bat eginen du festarekin, egunero, 18:30etik aurrera, DJ festarekin.

Peñek ere zenbait kontzertu eta ekitaldi antolatu dituzte. Horietaz gozatzea nahi duenak murgildu dadila Iruñeko karriketan.

 

ZALDIKO MALDIKO ELKARTEA

Sanferminak euskaraz bizi nahi duenarentzat derrigorrekoa da Antsolega kaleko elkartetik pasatzea. Betiko moduan, taberna zabalik egonen da eguerditik aurrera, eta, horretaz gain, festa programa zabala prestatua dago. 

 

OINEZ TXOKOA

Zangoza ikastolak hartu du aurtengo Nafarroa Oinez antolatzeko ardura, eta, ohi den moduan, ikastola horrek sanferminetako Oinez Txokoa kudeatuko du.  Edaria eta ogitartekoak emateaz gain, egitarau zabala prestatu du. 

 

NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Bertsozaleek, berriz, Sarasate pasealekuan dute hitzordua, uztailaren 8an, 11n eta 13an, arratsaldeko zazpietan. Saio bakoitzaren xehetasunak, lotura honetan.  

 

ORREAGA FUNDAZIOAREN KANTU JAIA

Kantazaleek ere badute eskaintza, Orreaga Fundazioak antolatuta: Kantu jaia. Uztailaren 13an izanen da, ohi bezala, Baluarteko erakusketa aretoan. 

 

SANFERMINETAKO EGITARAU OSOA BERRIAN

Berria egunkariak sanferminetako egitarau osoa kontsultatzeko aukera ematen du. Egunez egun, egitarau ofiziala eta eragileek antolatutako ekitaldiak kontsultatu daitezke.