Hondartzan irakurtzeko liburuak

Udak denbora libre gehiago dakar berekin, oporrengatik edo lanaldi-aldaketagatik. Denbora hori irakurketarekin egunean jartzeko aprobetxatzen dute askok, azken urteetako liburu berritzaile batzuk edo urte sasoi honetarako klasiko entretenigarriak aurkituz. Hondartzan irakurtzeko ezin hobeak, hemen dituzu udako denboraldi honetarako aproposak diren 4 liburu, hainbat generotakoak.

Zoo (Elkar, 2024)
Goiatz Labandibar
Ipuinak

Jende askoren opor lekuak izan ohi dira kanpinak. Horrek izaera ugaritako jendea elkartzen du leku berean, eta hori bera irudikatu nahi izan du Goiatz Labandibar idazleak Zoo ipuin liburuan. Denera hamabi istorio bildu ditu Labandibarrek liburuaren barnean, hainbat kanpinetan girotuak. Nolanahi ere, pasartea irakurri ahala kanpinaren kokalekua asmatuz joango da irakurlea. Adin ugaritako kanpinzale askok betetzen dute protagonisten zerrenda. Horrela, irakurleak bere lankidea, bizilaguna, lehengusua, edo baita bere burua ere ezagutuko du. Liburuan umore eta ironia ukitu nabarmenak daude.

 

 

 

Mo: behi euskaldun baten memoriak (Pamiela, 2024)
Pello Varela eta Juan Suarez 
Eleberri grafikoa

1991n argitaratu zuen Bernardo Atxagak eleberria eta oraingoan Pamiela argitaletxek argitaratu du berriz baina eleberri grafiko bihurtuta Pello Varela gidoigilearen eta Juan Suarez marrazkilariaren eskutik. Komiki honen bereizgarri nagusia kolorea da. Izan ere, Suarezek kolore bizi eta distiratsuak baliatu ditu istorioari dinamismoa emateko. Esate baterako, behi urdinak zein zeru moreak aurkituko ditu irakurleak. Varela eta Suarezen berrirakurketa honek Atxagaren istorioaren muinari eusten dio: Mo behiaren jaiotzatik hasi eta, etxetik kanpo zenbait urte egin ostean, atzera Balantzategira joaten den arteko oroitzapenak azaltzen ditu, tartean direlarik Espainiako Gerla Zibilaren ondorena, makien mugimenduak eta Zuberoako komentu batean egindako egonaldia.

 

 

Detaile xume bat (Igela, 2024)
Adania Xibli (Itzultzailea: Aitor Blanco)
Itzulpena

Adania Xibli idazle palestinarrak (Galilea, 1974) Detaile xume bat 2017an plazaratu zuen, arabieraz, eta Aitor Blancok euskarara ekarri du Igela argitaletxearekin. Liburuak bi parte ditu; 1949an girotua bata, 2004an bestea. Hitzaurrea Ane Irazabalena da. 1949ko udan, Israelgo estatu sortu berriak destakamentu militar bat bidali zuen Negev basamortura Egiptorekiko hegoaldeko muga zaintzeko, baita ingurua arakatzeko ere, han gelditzen ziren arabiarren bila. Espedizio horietako batean, soldaduek beduino talde bat aurkitu zuten, eta aurkikuntza hura krimen baten abiapuntua izan zen. Zenbait hamarkada geroago, XXI. mendearen hasieran, emakume palestinar batek gertakari horri buruzko artikulu batekin egin du topo, eta, harekin lotutako detaile xume batekin obsesionaturik, bidaia arriskutsu bati helduko dio lurralde okupatuetan zehar, egiaren bila.

 

 

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano (Susa, 2023) 
Poesia

Lerro zuzenaren falaziaren aurrean, munduaren ikuspegi hautsia eta zatikatua hobesten ditu poesiak. Izan ere, neurtitzak, bere egiten du etena. Gehienetan, gehiago da poematik kanpo dagoena, poema barruan sartzen dena baino. Baina zeintzu dira poesiaren ertzak eta mugak? Noiz uzten dio testu batek poetiko izateari eta noiz iragazten da poesia poemetatik kanpo? Aski da lapurtutako testu bati poema itxura ematea poema izan dadin? Aski da testu bat gogoangarria izatea poetikoa izan dadin? Zerrenden, (auto)erretratuen, sasiaforismoen, otoitz paganoen eta mailegatutako hausnarketen bidez, lirikoa dena ustez antilirikoa denarekin talkan jarri du egileak, talka horretatik sortutako galderen oihartzunak airean uzteko asmoz. Harkaitz Canoren bosgarren poema liburua da hau.