Sakanako ibilbideak eta txokoak

Sakana Nafarroako ipar-mendebaldean dago, Aralar, Andia eta Urbasa mendilerroek babestuta. Mendiz inguratuta, natura eta ibiltzea maite dutenendako paraje zoragarria da eta, ibilian-ibilian, bestelako altxorrak ere aurkituko dituzue bertan: baseliza erromanikoak, galtzada, euskaraz bizi diren herriak eta bertako produktuak dastatzeko aukera.

Sakanako mendi ezagunak eta txoko ezkutuak ezagutzeko aukera eskaintzen du Sakanako ibilbideen sareak. Bertan, seinaleztatutako 17 ibilbide proposatzen dira, iraupen, luzera eta zailtasun ezberdinetakoak. Mapa ere deskargatu daiteke. Hemen dituzue adibide batzuk:

  • Beriain: Sakanaren erdi-erdian dago Beriain, bailaren ikur bihurtu den mendia. Nafarroako gailur ikusgarrienetakoa da eta Sakanako altuena (1494 m). Igoerarik ezagunena, ziurrenik, Unanutik ateratzen dena da. Beste aukera bat Uharte Arakilgo igerilekutik abiatzea da: kilometro bertikala. Biak ere mendizale trebatuendako igoerak dira.
  • Urbasa: Urbasako pagadiak eta eremu karstikoak ezagutzeko zenbait ibilbide daude. Esate baterako, Olaztitik Urbasako igoera (portu zaharra), Iturrietako ibilbidea edo Morterutxoko bidexka (haurren karrotxoekin edo gurpildun aulkian egiteko egokitua).
  • Monumentuak: Aralarko San Miguel santutegirako igoerak aro historiko ezberdinetako ondarea ezagutzeko aukera ematen du: trikuharriak, Zamartzeko hondakin erromatarrak eta Erromaniko garaiko bi erakin: Zamartze eta San Miguel, azken hori, eskualdeko behatoki paregabea. Bestalde, Aixitako ibilbideak Nafarroako Erresumako gotorlekua izan zen Aixitako gazteluaren arrastoak ezagutzeko aukera ematen du.
  • Sakanako hariztiak: Sakanan Nafarroako harizti ederrenetariko batzuk aurkitzen dira. Aipatzekoak dira Irañeta, Etxarri Aranatz, eta Altsasu-Urdiango San Pedro Zelaietako hariztiak. Harizti eder horietan hiru ibilbide seinaleztatu daude, orokorrean, desnibel txikikoak eta errazak.  

Indarrak hartzeko ordua

Sakanako herrietako karriketan buelta bat emanez gero, iturri, plaza, eliza, lorez beteriko balkoi eta XVIII. mendeko etxe armarridun ugari ikusi ahal izanen ditu bisitariak. Atseden hartu eta indarrak berreskuratzeko toki ederrak dira.

Sakanako 30 herritan, ostatu hartzeko eta jateko aukera ugari daude. Ez galdu bertako ekoizleen produktuak ezagutzeko aukera (gazta, txistorra, eztia, ogia, barazkiak…).

Bukatzeko, udako agenda bete-betea dago. Aipagarriak dira Aralarren antolatutako jarduerak, baita herrietako agenda aberatsa ere.