Euskal Herria ezagutzeko beste modu bat

Udalbiltzak Euskal Herriko barne turismoa sustatzeko tresna sortu du. ELAIDE.EUS ataria, ezohiko uda honetan, turismoaren eta euskararen inguruko seriea ari da eskaintzen. Oraingo honetan, LURGIDA aplikazioa aurkezten da.

Lurgida Euskal Herriko gida turistikoa da. Gailu mugikorretarako aplikazio honek Euskal Herria beste modu batez ezagutzeko parada eman nahi die barne zein kanpoko bisitariei. Aplikazioa eskuragarri izango da Android eta iOS gailuentzat, baita webgunea formatuan ere —lurgida.eus—, eta lau hizkuntzatan garatu da: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

LURGIDAk turismo jasangarriagoa eta lurraldearekiko errespetuan oinarriturikoa bultzatu nahi du, eta bide batez, tokiko ekonomiarentzako onuragarria izango dena. Horretarako, euskal lurraldeko ondare immateriala eta historia zeharkatzen dituzten hamaika ibilaldi proposatzen ditu, ehunka udalerriren informazioa —interes guneak, historia, ohiturak, jaiak eta abar— eskaintzearekin batera. Horrez gain, furgoneta zein autokarabanei ongi etorria egiten dieten etxaldeak bildu dituzte. Europa mailan hain errotua dagoen praktika horren bidez, bisitariek gaua bertan pasatzeko aukera dute, eta era berean, baserritarrek haien ekoizpenak ezagutarazteko parada ezin hobea dute. Modu honen bidez, KM0 kontsumoa sustatu nahi da, lehen sektorearekiko sentsibilizazioa eta ezagutza areagotuz.

Aurrerantzean ibilbide, etxalde, ondare eta informazio gehiago jasoko da, eta agenda atala gehitzea aurreikusten da, Euskal Herriko ekimen kultural desberdinak bilduko dituena.