Nafarroako Bertso Eskolen Sarea

Gaur egun, hogeita zortzi Bertso Eskola daude Nafarroa luze-zabaleko eskualdeetan. Horietako asko, haur zein gazteei eskainitako Bertso Eskolak dira, baina badira helduei zuzendurikoak ere bai. 

Bertso Eskolak bitarteko bikainak dira bertsolaritza ezagutu eta bertsogintza garatzeko, besteak beste. Horrez gain, gune aproposak dira euskararen atxikimendu positiboa garatzeko, ahozkotasuna lantzeko eta, nola ez, baliabide pertsonal, sozial eta komunikatiboen lanketa egiteko. 

Klaseak astean behin ematen dira, eta ordu bateko iraupena dute haur eta gazteen Bertso Eskolen kasuan, eta bi orduko iraupena helduen taldeen kasuan. Bertan, Nafarroako Bertsozale Elkarteko irakasle espezialista batek gidatuta, taldeari egokitutako ariketak egiten dira, giro atsegin eta gozagarrian. 

Talde gehienak  irailean eskaintzen dira, eta ikasturte osoko egutegia duten arren, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtarrilean bigarren eskaintza egiten ohi du. Aurten ere horrela izango da eta, beraz, urtarrilaren 27ra arte ikasleek aukera dute irailean sortu ziren Bertso Eskoletan edo eskaini diren talde berrietan izena emateko.

Bertso Eskolen informazio orokorra eta izen-ematearen inguruko jarraibideak Nafarroako Bertsozale Elkarteko web orrian aurki daitezke. 

Informazio gehiago: www.bertsozale.eus/nafarroa