Merkealdia, euskararen ehunka aurpegi

Gabonen ostean, merkealdi sasoian murgildu izan ohi gara bete-betean, gurean. Nafarroan joan den astean abiarazi zuten merkealdia.

Azken aldian, garai hau heltzean hamaika mezu ailegatzen zaizkigu handik eta hemendik: tokiko merkataritzaren alde egin behar dugula, genero ikuspegia kontuan hartu behar dela, erosgaietan aurretik eta merkealdi sasoian duten prezioa argi azaldu behar duela…. .

Merkealdian erosketak egiteko orduan bada bestelako irizpiderik, alegia, euskararena.

Ehunka merkatarik, Nafarroa osoan barna, ahalegin itzela egiten dute urte osoan zehar zerbitzua, modu batean edo bestean, euskaraz eskaintzeko. Batzuk, bezeroei arreta euskaraz emango diete; beste batzuek, berriz, euren saltokietan informazioa hizkuntza horretan paratuko dute. Eta beste batzuek, laneguna amaituta, euskara ikasteari edo hobetzeari ekingo diote.

Aurretik aipatutako irizpideak kontuan hartuta hedatzen ari den kontsumo-eredu berriarekin batera, gure hizkuntzan zerbitzua emateko ahalegina egiten duten merkatariak aintzat hartu beharrekoak dira. 

Esteka hauetan zerbitzua euskaraz ematen duten edota euren saltokietan euskara pixkana sartzen hasi diren merkatarien berri ematen da, baita euskara zerbitzuek merkatariei eskaintzen dizkieten baliabideen berri ere.

Iruñerria, Gares eta Tafalla: Euskara Merkataritzara
Sakana: Merkataritza Euskaraz
Bortziriak, Malerreka eta Baztan: Herrian erosi, euskaraz erosi
Bai Euskarari Ziurtagiria: Mapa 
Zerbitzua euskaraz ematen duten Iruñerriko Saltokiak: Mapa

Amaitzeko, bada Nafarroako merkatariek abian jarri duten ekimen berri bat. Bizitzeko moduak aldatzen ari diren honetan, on-line  bidezko erosketek indarra hartu dute azken boladan. Hori dela eta Nafarroako merkatariak elkartu egin dira zerbitzu hobeagoa emateko helburuarekin. Xede horri begira erosketak on-line bidez egiteko aukera paregabea paratu dute martxan, webgune honetan:  www.toptopa.shop/eu