Mendiak: Euskal Herriko gailurrak ezagutzeko app-a

Urteko edozein sasoi da ona mendira joateko, baina udaberri/uda berezia da: berdetasunak dena estaltzen du, natura bere indar bizian agertzen da eta basoek freskura lasaia eskaini ohi dute garai honetan. Askotan, naturan txangoak egiteko hainbat post eta aholku zabaldu izan dira ELAIDEn. Gaurko proposamena, bereziagoa da, ordea.

Mendiak aplikazioak 1.500 tontor baino gehiago eskaintzen ditu Euskal Herrian. Garrantzitsuenetatik hasi eta hain ezagunak edo gertukoak ez direnetarako irispidea ere eskaintzen du. Gure inguruan beste paseo bat emateko ezinbesteko aplikazioa. Mendiak Euskal Herriko mendietan zentratuta dagoen arren, pixkanaka-pixkanaka hurbilen dauden probintzietako tontor eta ibilbideak eguneratzen joango direla diote sortzaileek. Ideia bikaina beste txango bat egin ahal izateko!

Garrantzitsua da azpimarratzea aplikazioak erabat euskaraz funtzionatzen duela. Aurrerapen handia gure hizkuntzan dauden aplikazioen erabiltzaileentzat. Mendiak aplikazio ezin hobea da euskararekin hasi berriak direnentzat, oso hizkuntza erraza erabiltzen baitu: praktikatzeko aproposa.

Mendiak aplikazioa oso erraza eta intuitiboa da. Interfaze garbi batekin, hurrengo helmuga aukeratzen laguntzen du. Aplikazio honen bidez, mendien fitxak ikusten ahal dira, beharrezko informazio guztiarekin: garaiera, kokapen geografikoa, irispidea. Gainera, tontorren mapak eta irudiak ere baditu, ibilbidea errazteko.

Hori guztia gutxi balitz, egindako igoerak erregistratu edo markatu ahal izango dira, eta, horrela, aurrerago kontuan hartu. Mendizale bakoitzaren igoerak noiz eta zenbat aldiz egin diren kontsultatu ahal izango da estatistika pertsonal batzuetan. Gailurrak edo ibilbideak ere puntuatu ahal izango dira, kirolari bakoitzaren esperientziak gainerako erabiltzaileekin partekatzeko.

Gainera, mendira familian joatea gustukoa dutenentzat, Mendiak app-a aukera bikaina da. Iragazki berezi bat du, txikiekin igo ahal diren mendi egokienak zein diren adierazteko. Gaur egun, 100 bat tontor ditu haurrekin egin ahal izateko.

Ikusten den moduan, aplikazio honek mendiarekin zerikusia duten aspektu asko ukitzen ditu. Horregatik, dagoeneko milaka balorazio positibo jaso ditu eta erabiltze andanak deskargatu du. Aplikazio hau eskuragarri dago Android zein iOserako. Eta, nahiago bada, bere webguneari ere begiradatxoa eman ahal zaio.