Literatur gomendioa: Zerak zeratzeko zerak

Zera hitza erabiltzen dugu ez dakigunean oso ongi zer hitz erabili zerbait izendatzeko. Horrelako zerbait gertatzen da liburu honekin, Yolanda Arrietaren Zerak. Zaila da hitz batean laburbiltzea liburuaren generoa, hibridoa baita: testu batzuk nanoipuinak dira, beste batzuk elkarrizketak, olerkiak, narrazio poetikoak edo poesia narratiboak... Gazteei zuzendutako liburua da, batik bat desberdin edo friki sentitzen direnendako, baina oso aproposa da ere euskara ikasten edo trebatzen ari direnenendako atal motzez egina baitago. Baina testuak motzak izateak ez du inondik inora ere esan nahi arinak direnik, magiaz eta fantasiaz beteta daudelako. Gainera, liburuaren barruko aldean piktogramak daude testu bakoitzari laguntzeko. Herrialde miresgarriko Aliziari keinu bat eginez, liburuko protagonista Alixi izeneko gaztea da. Jauzika irakurtzea gomendatzen da, handik eta hemendik testu solteak irakurriz.
 

MUDANTZA

—Ez hartu bide hori! 
—Zergatik, ez?
—Otsoa joan da hortik!
—Bai zera...
—Zure amona irentsi zuen!
—Ni ere bai, baina atera ginen.
—Ez zara beldur?
—Lehen, bai. Orain, ez.
—Eta, hori?
—Beste ipuin batera mudatu naiz.
—Izenburua?
—Oraindik ez dauka.
—Protagonista?
—Otseme gazte bat.

 

ABIAPUNTUA

Bikoteak utzi zuen gau berean izan zen: negar ahul bat atarian. Atea ireki eta txakurkume bat. 

Bikote ohiaren opari bat izango zela otu zitzaion hasieran. “Pena ematen diot eta nor maitatu utzi dit”, pentsatu zuen, ironiaz.

Makurtzean ohartu zen oker zebilela. Txakurrak gurpil-markak zeuzkan gorputzaren atzealdean. Ataurrean falta zen autoaren gurpil-marka lokaztuak zirela ohartu zen andrea eta besoetan hartu zuen kumea, etxean sartzeko. Baina, orduan, “agian bai utzi dit berak”, bururatu zitzaion andreari. “Nahita, zertarako gai den erakusteko”. Inguruetara begiratu eta atea itxi zuen giltzaz.

Biharamun goizean albaitariarengana eraman zuen txakurkumea, txirringaren aurreko kapazuan sartuta. Hark agindutako guztia bete zuen kontsultatik bueltan: zauriak garbitu, txertoak jarri, jana zaindu, kalera atera, lekua egin bere bizitzan.

Etxetik lan egiten zuen andreak. Beraz, txakurra bakarrik uzteko premiarik ez. Txuri jarri zion izena, ilberri-gaua baino ilunagoa izan arren. Ebidentziei ihes egiten entrenatuta zegoen bere lanagatik eta txakurraren izena ohituraren luzapen bat baino ez zen izan. Bestea ere bazegoen, jakina. Txurik argi zuriz bete baitzuen andrearen etxea: “Bonbilla berri batek bezala”.

Hilabete ederrak igaro zituzten andreak eta Txurik elkarrekin. Pisua hartu zuten, biek ala biek, zorionez blai.

Goiz batean, ordea, aspaldiko gurpil-markak ikusi zituen andreak atarian. Eta txakurra falta. Bila eta bila aritu zen, aste oso batez: ezer ez. Txuriren arrastorik ez.
“Bere bizitza egitera joango zen”, pentsatu zuen andreak, pupuan trapua ipiniz.

Eta dietan hasi zen.

 

HITZEN ZALANTZAN

Zergatik da orratza 
bihotzen 
ardatza?

Zergatik da ardatza
ikurren 
lorratza?

Zergatik da lorratza 
arnasen 
orratza?

Emadazu eskua eta 
osatuko naiz.