Hitzaren eta ekimenaren urtea

Hasi berri dugu 2022 urtea. Euskaldunok bi ekimen garrantzitsu izanen ditugu aurten: udaberrian, 22. Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du `Hitzekin´ lelopean. Udazkenean, berriz, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, 3. Euskaraldia etorriko da `Hitzez ekiteko garaia´ lelopean. Beraz, 2022a hitzaren eta ekimenaren urtea izanen da.

19. Korrikaren amaieran hitz gogoangarriak adierazi zituen Lorea Agirrek: “Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara. Izatea egitea da”. Kontua ekintza aldarrikatzea zen. Azken urteotan maiz zabaldu da alde egotetik alde egitera jauzi egiteko deia. 

2018 ezagutu genuen euskal herritarrok mugiarazi gaituen ekimenik praktikoena: Euskaraldia. Ekintzan oinarritutako ariketa sozial erraldoi horrek nork bere hizkuntza-ohiturak aldatzeko proposamena egin eta rol bi eskaini zizkigun: ahobizi eta belarriprest rolak. Batzuok euskaraz aritzeko konpromisoa hartu genuen, eta besteok ezinbesteko konplize bihurtu ginen euskaraz aritzeko. 

Hasi berri dugun 2022. urtean Euskal Herri osora zabaltzen diren bi ekimen erraldoi horien edizio berriak ezagutuko ditugu. Abian da jada, 22. Korrikaren kanpaina eta, udaberrian, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era, eskuz esku joanen da lekukoa Amurriotik Donostiaraino. Bestalde, 3. Euskaraldia ere aurkeztu da: 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra izanen da, eta, aurreko bi edizioetan abian jarritako dinamikak sendotzeaz gain, herritar, entitate eta herri gehiagorengana/gehiagotara iristeko helburua ere izanen du. Hitzekin dio 22. Korrikaren leloak, eta hitzez ekiteko garaia 3. Euskaraldiarenak. Beraz, 2022a hitzaren eta ekintzaren urtea izanen da. 

AEK-k eta Topaguneak, bi ekimenen antolatzaileek, hitzekin ekitera animatzen dituzte Euskal Herriko osoko euskaldunak. Hona hemen bi erakundeek sinatutako adierazpena.