Bai Euskarari Ziurtagiria, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera bultzatzeko tresna

Nafarroako 216 entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Euskararen eremu osoan, berriz, 1328 dira ziurtagiridunak. Baina zer adierazten du Bai Euskarari Ziurtagiria izateak? Gaurko artikuluan horren berri emanen dizuegu.

Bai Euskarari Ziurtagiria Bai Euskarari Elkarteak sortu zuen euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan areagotzeko helburuarekin. Ziurtagiriak euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatu eta aitortzen ditu. Eskuratze-prozesuan elkartearen teknikariek laguntzen dute. 

3 ziurtagiri maila daude: Zerbitzua eta Lana Euskaraz, Zerbitzua Euskaraz edo Bidean. Horren arabera, bezeroek jakin dezakete enpresa, denda edo elkarte batean euskaraz hartuko dituzten, euskarazko zerbitzua emango dieten, euskaraz lan egiteko gaitasuna dagoen edo zerbitzuak euskaraz emateko bidean ari diren.

Ziurtagiria lotzeko zenbait irizpide hartzen dira kontutan. Hala nola, langile edo kideen hizkuntza gaitasuna, irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia, kanpo harremanak eta barne harremanak. 

Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko hamaika arrazoi daude: motibazioa, lehiakortasuna, berrikuntza, hurbiltasuna, errekonozimendua… 

 

Ziurtagiridunen mapa
1328 entitatek dute Bai Euskarari Ziurtagiria, horietatik 216 Nafarroakoak dira.