Haurren aurrean helduok heldu

Haurren aurrean helduek eredugarritasuna sustatu eta hizkuntza praktiken inguruan hausnartzeko ekimena aurkeztu dute. Haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin eta euskara gehiago erabiltzeko deia egingo da azaroaren 22tik abenduaren 5a artean.

Euskal Herri osoko 80 herri baino gehiagotan egingo da ekimena, tokian tokiko batzorde eta eragileek antolatuta. Euskaltzaleen Topaguneak koordinatu du helduei zuzendutako ariketa praktiko hau, Euskarak 365 egun lan ildoaren baitan.

Helburua hizkuntza praktikak aldatzeko bidea egiten jarraitzea

Euskaraldian sustatzen diren portaerak sozializatzen jarraitu nahi dute ekimen honekin, eta portaera linguistiko horiek herritarren praktiketan integratzea, arau sozial bihur daitezen. “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu” arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten (baita elkarrizketa elebidunetan ere).

Baina oraingo honetan helduen eredugarritasunari ere erreparatu nahi diote antolatzaileek, eta arau sozial horiek eremu horretara eraman. Antolatzaileen esanetan, “Erabilera sozialaren eredurik ez badago, haurrek hizkuntza ikasi bai, baina ez dute jardungo. Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”. Hauxe nabarmendu dute: “Haurrek hizkuntza ez ezik, hizkuntza erabiltzeko gizarte arauak ere barneratzen baitituzte, hau da, norekin bai, norekin ez; noiz bai, noiz ez…”.

Erabileraren aldeko dinamikak, herriz herri eta auzoz auzo

Kike Amonarrizen esanetan “Garrantzitsua da, sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea. Horretara ere badator "Haurren aurrean, helduok heldu ekimena”, gaineratu du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

Euskara sustatzeko zereginetan sarri eskatu ohi zaie ikastetxeei erantzukizuna, baina askotan esan ohi den bezala, eskola ez da nahikoa. Haurrek euskaraz egingo badute, eskolatik kanpoko eremuetan ere euskaraz egin behar dute: euskaraz dakiten gurasoekin, etxeetan, aisialdian, beraiei zuzenduriko zerbitzu eta ekintzetan”.

Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topaguneko kidea da Haurren aurrean helduok heldu ekimeneko koordinatzailea, eta bere esanetan,  80tik gora herri daude orain izena emanda ekimena euren herrietan antolatzeko. Ariketan parte hartuko dutenei ere egin die erreferentzia: “Parte-hartzaileei eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere”, azpimarratu du.

Hitzaldiak herrietan eta solasaldia

Ekimenarekin lotuta, Paula Kasares eta Kike Amonarriz soziolinguistek hitzaldi sorta eskainiko dute, azaroan zehar, Euskal Herriko hainbat herritan. Herrien zerrenda webgune honetan egongo da ikusgai.

Eta, azaroaren 30ean, Martin Ugalde foroan ere gaiaren inguruko hausnarketa egingo dute Paula Kasares, Kike Amonarriz eta Iñaki Eizmendik, Garbiñe Ubedak zuzendutako solasaldietan. Foroa 19:00etan hasiko da Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean eta  streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.

Ekintza nagusi hauez gain, ekimena girotze aldera, ekintza ezberdinak antolatuko dira Nafarroako hainbat herritan ere, gure agendan ikusgai izanen direnak.