Hasi da Egunean behin jokoaren 15. denboraldia

Iragan astelehenean, maiatzaren 6an, hasi zen Egunean Behin jokoaren denboraldi berria, jokoaren 15.a, uztailaren 14a arte luzatuko dena.

Egunean Behin jokoaren denboraldi berria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailak babestuko du: Gipuzkoako kultura eta kirol alorretako ekimen desberdinen berri izango dugu astero galderetan, adi! Horrez gain, Hitz Zentroarekin egindako kolaborazioaren ondorioz, jokalari berezi baten partaidetza izango dugu denboraldian egunero: Latxa euskarazko adimen artifizialak jokatu egingo du beste guztion artean!

Gainerako babesleak hauek izango dira:

  • Burutü komunikazio eta publizitate agentzia.
  • Nik Patrika Digitala, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu bat, app bakarrean zerbitzu publikoen txartelak bateratzeko balio duena.
  • Bioterra; produktu ekologikoen azoka (Irungo Ficoban ekainean).
  • Fagor Industrial - Onnera Group, Ostalaritza eta garbiketa ekipamendu profesionalen talde kooperatiboa.
  • Txikipedia, euskarazko Wikipedia osatzen duen umeentzako entziklopedia txiki eta askea.
  • Gidabaimenak Euskaraz, ikasleari gidabaimenerako euskaraz prestatzeko aukera ematen dion zerbitzua.
  • Hitz Zentroa; Adimen artifizialeko Latxa proiektua garatzen ari den ikertegia.
  • Laboral Kutxa; Banka-zerbitzuak eta aseguruak.

Eta kolaborazio berezia ere bai IKA Euskaltegiekin, laster estreinatuko dugun galdera sorta interesgarri bat sortzeko.
 
Egunean Behin tribial estiloko euskarazko galdera-erantzunen jokoa da, CodeSyntax enpresak garatua. Egunero partida bakarra jokatzeko aukera izango duzu. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago, orduan eta hobeto!

Asterik aste babesleek eskainitako sariak izango dira, bat lehiaketako irabazleentzat eta beste bat zozketaz.