Azken hamarkadatan milaka izan dira euskara ikasteko eta eguneroko bizian erabiltzeko erabakia hartu duten pertsonak. Izugarria izan da pertsona hauek jendartean egin duten ekarpena, esaterako seme-alabak euskaraz hezten edo ongi egiten zuten hori euskaraz egiten.
ELAIDEk euskara euskaltegian ikasi duten kantariengan egin du azpimarra eta kantu zerrenda bat osatu du horietako zenbaitekin. Sakatu PLAY!
Toño Muro eta Marino Goñi: Iruñeko hainbat taldetan ibili eta gero Balerdi Balerdi sortu zuten. Talde honek euskarazko pop kanturik ederrenetako batzuk utzi dizkigu.
Caroline Phillips: Musikari estatubatuarra, Mixel Ducaurekin batera, Bidaia taldea osatu zuen.
Natxo de Felipe: Natxo de Felipe izan zen Oskorri taldeko sortzaileetako bat. 40 urte baino gehiago sortzen ibili eta gero, 2015ean desegin zen hainbat kanta famatu utziz, esaterako Furra furra, Gora ta gora beti edo Euskaldun berriaren balada.
Xabier Montoia: Musikaria eta idazlea, Hertzainak taldeko sortzaileetako bat izan zen baina lehen diskoa argitaratu baino lehenago taldetik kanpo geratu zen. M-ak taldean aritu zen eta ondoren ibilbide propioari ekin zion.
Jabier, Fermin eta Iñigo Muguruza: Hiru anaiek ibilbide oparoa egin dute musikan. Ferminek eta Iñigok gaztelaniaz egin zuten Kortaturen lehen diskoa, baina hirugarrenerako (Kolpez Kolpe, 1988) euskaraz kantatu zuten.
La Basu: Elena Caballero, “La Basu”, rap kantaria da. Musika estilo horretan hitzak oso garrantzitsuak dira, bai esaten dena, baita nola esaten den ere. La Basuk hauxe aitortzen du: “Euskaraz idatzi ditut abestiak, eta euskaldun berria naizenez asko kostatu zait. Gustura nago, ordea.”
Fer Apoa: Kantari zaragozarra El Corazon del Sapo taldean ibili zen 2000. urtera arte, ordutik euskaraz aritu da parte izan den talde guztietan, Kuraia, Estricalla, Matxura eta Onki Xin.
Roberto Moso: Zarama taldeko kantaria izan zen. Talde hau aitzindaria izan zen euskaraz kantatutako punk-rockean.
Libe García de Cortázar: Zenbait taldetako kide izan da eta azken urteetan bakarlari bezala ere ibili da musikari gasteiztarra.
Mikel Uraken: Loan taldean aritu eta gero bilbotarrak bere izenean atera ditu bi disko, lehena bakarka eta bigarrena talde baten laguntzarekin. Musikariak hauxe aipatu zuen Berrian: “Euskaldun berria naiz, baina uste dut euskararekin aurkitu dudala nire ahotsa, bilatzen nuena. Disko honetan erosoago sentitu naiz abesten, nahiz eta oraindik hitzak beste batzuenak diren”.
Sorkun Rubio: Kashbad taldeko kantari bezala agertu zen lehen aldiz oholtzan 90eko hamarkadan, ordutik Fermin Muguruzarekin edo berak sortutako taldeetan aritu izan da.