Euskara praktikatu nahi? Eman izena Mintzakiden!

Ikasturte berriarekin batera, Sakanako Mintzakide taldeak martxan jartzeko prest daude. Euskara praktikatu nahi baduzu, baina ez badaukazu norekin egin, edo euskalduna izanda euskaraz bizitzeko aukera berrien bila bazabiltza, eman izena Sakanako Mintzakiden!

Praktikatuz ikasten da
Hizkuntzak erabiliz ikasten dira. Beraz, euskararen ikas-prozesua bizkortzeko eta aberasteko euskara praktikatu behar da. Batzuetan, ordea, ez da erraza izaten euskaltegitik kanpo euskaraz egitea edo ingurukoekin ditugun hizkuntza ohiturak aldatzea. Horretan laguntzen du Mintzakide egitasmoak. 

Zer da Mintzakide?
Mintzakide euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak ohiturarik (edo aukerarik) ez dutenekin elkartzen dituen egitasmoa da. Mintzakide taldeak txikiak dira (gehienez ere, 6 pertsona). Taldean euskaraz ongi moldatzen den pertsona bat egoten da. Hura ez da irakaslea; beste taldekide bat da, eta ikasten ari direnei edo erraztasunik ez dutenei laguntzen die mintzapraktika programa honetan. 

Taldeak, orokorrean, astean behin eta ordubetez elkartzen dira. Taldekideek erabakitzen dute noiz eta non elkartu: tabernan, paseoan, parkean... Gainera, ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira taldeak elkarren artean ezagutzeko eta Sakanako euskaldunak saretzeko. 

Segurtasun neurriak
Aurten, koronabirusaren aurkako segurtasun neurriak hartuko dira mintza praktika taldeetan: distantzia, maskara eta talde txikiak (gehienez ere, 6). Horrela, mintzapraktika egitasmoak aurrera eginen du modu seguruan. Itxialdian esan genuen bezala, “birusak ez gaitu mututuko!“. 

Sakanako Mintzakide
Sakanako Mintzakide programa Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak finantzatzen du, eta Sakanako AEK-k koordinatzen du.

Joan zen ikasturtean 15 mintzatalde eta 86 mintzakide izan genituen Sakanan. Aurten talde horiei eutsi eta berriak sortzeko erronka dugu. Animatu!


Eman izena 
600 482 024 telefonoan.
sakana_mintza@aek.eus 
www.sakanamintza.blogspot.com


OHARRA: Laster, Nafarroako beste mintzapraktika programen berri.