Iruñerriko Mintzakide abian

Ikasturtea hastearekin batera, euskararen erabilera sustatzea xede nagusi duen Mintzakide egitasmoa indarberrituta dator! Bidelagunak (euskaraz ongi dakiten lagunak) eta bidelariak (euskara ikasten ari direnak) harremanetan jartzen dituen Iruñerriko mintzapraktika egitasmoan izena emateko epea urriaren 31era bitarte izanen da zabalik.

Oporren ostean, bidelagun eta bidelariak berriz elkartu dira astero elkarrekin karriketara atera eta berriketan goxo aritzera, esperientzia aberasgarriak partekatzeko eta aisialdian euskaraz gozatzeko. Aurten, gainera, aurrez aurreko bilera horietaz gain, etxealdian egin genuen moduan, Mintzakide mintzapraktika saio horiek online egiteko aukera ere izanen da. Eta, jakina, Koronabirusa dela eta bizi ditugun une berezi hauetan, elkar zaintzari bereziki erreparatuko diogu, beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuz.

Aurreko urteen moduan, izen-ematea Iruñerriko Mintzakideren web orriaren bidez egin ahal izanen da eta baita egitasmoaren babesle diren udaletako euskara zerbitzuetan (Antsoain, Arangurengo Ibarra, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Etxauri, Noain, Oltza Zendea, Orkoien, Uharte eta Zizur Nagusia), hala nola sustatzaile diren elkarteetan ere bai (Karrikiri, Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Zubiarte Euskaltegia, IKA, AEK eta Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala).

Beraz, dena prest da lagun, animatu elkarrekin euskara bizi eta erabiltzera!!!

Izena online emateko: www.irunerrikomintzakide.eus