Erakusketa ibiltaria: Euskara maitatzen hasteko hitzak

Ezagutza da maitatzeko atea, izan ere, maitatzea eta ezagutzea txanpon beraren bi aldeak dira. Euskarara bere hitzen bidez hurbildu eta maitatzen hasteko gonbita da erakusketa.

Nafarroako zenbait udaletako Euskara Zerbitzuek antolatutakoa da, eta Regina eta Leticia Salcedoren Pequeño diccionario sentimental (Pamiela, 2020) izeneko liburua du oinarri. Erakusketak liburuak biltzen dituen 57 hitzetatik 17 ilustrazio aurkezten ditu. Bi ataletan egituratzen da, bat orokorra, egileek aukeratutako hitz batzuk aurkezten dituena, eta bestea, 'Nire hitz gogokoena' izenekoa, Euskal kulturan izen handiko pertsonek aukeratutako hitzak biltzen dituena.

Ibilbide poetikoa da, hizkuntzaren aberastasuna, sakontasuna eta edertasuna ezagutzeko modu zoragarria eskaintzearekin batera, euskara ez dakienari, ziur, jakin-mina piztuko diona.  

Hurrengo hilabeteetan Nafarroan barna ibiliko da erakusketa, hogei herri eta hiri baino gehiagotan; udan zehar, honako hauetan, hain zuzen ere:

-Ekainaren 14tik 27ra, Antsoainen
-Ekainaren 28tik uztailaren 11ra, Lizoainibar-Arriasgoitin
-Uztailaren 19tik abuztuaren 1era,  Agoitzen
- Abuztutik aurrera, Izarbeibarren, Esteribarren, Barañainen, Uharten, Garesen, Lizarran, Burlatan…