Aurrera darraite udako musika jaialdiek

Koronabirusaren eraginez Euskal Herrian udan egin ohi diren musika jaialdi gehienak bertan behera geratu ziren iaz, izurriak eragindako egoerak hartara behartuta. Aurten, horietako batzuk berreskuratu egin dituzte. Osasun egoerara egokituta egingo dira ekitaldi gehienak. Halere, bada datorren urtera begira jarri denik ere, behar bezala antolatzeko baldintzak oraindik egokiak ez direlakoan. Hona hemen egingo denaren eta egin ez denaren gida.

Datozen jaialdiak

JAZZALDIAK
Getxoko (Bizkaia) jaialdiak ireki zuen du jazzaldien segida, ohi bezala. 44. aldia izan zen aurtengoa eta Euskal Herriko eta nazioarteko izen handiko musikariak aritu ziren uztailaren 4ra bitarte: Javier Colina; The Cuban Jazz Syndicate; Maria Joao eta Carlos Bica; Chano Dominguez eta Martirio, eta Carles Benavente, Tino di Geraldo, Jorge Pardo eta Niño Josele. 

Gasteizko jaialdiak hartu zuen lekukoa jarraian, uztailaren 14tik 18ra bitarte. Anne Paceo eta Antonio Sanchez, Itamar Borochov, Kathrine Windfeld eta Thumbscrew, eta Maciej Obara Quartet aritu ziren, besteak beste. 

Donostiako 56. Jazzaldia, berriz, uztailaren 21ean abiatu zen. Musikari eta jazz izar handiek parte hartuko dute, besteak beste, musikari hauek: Cecile McLorin Salvant, Noa, Bil Frisell, Brad Mehldau, Mulatu Astatke, Gonzalo Rubalcaba, Silvia Perez Cruz, Kenny Barron, Buika, Arlo Parks, Aymee Nuviola, Franco D'Andrea, Marco Mezquida, Dave Douglas eta Dave Holland. Iaz bezala, aurten ere Trinitate plazan, Kursaal auditoriumean, Viktoria Eugenia antzokian eta San Telmo museoan izango dira emanaldiak. Sarrerak eskuragarri daude www.jazzaldia.eus  webgunean.

ERROBIKO FESTIBALA
Itsasun (Lapurdi) egin ohi den Errobiko festibalak urtebetez atzeratu zuen 25. urtemugako ospakizuna iaz. Uztailaren 22tik 25era bitarte egingo dute, eta, ohikoa den moduan, musikaren eta dantzaren bueltan emanaldi ugari izanen da. Han izango dira Revolutionary Birds; Jordi Cassagne; Maddi Oihenart eta Jeremie Garat; Bilaka Kolektiboa; Sergio Lamedra & Txomin Dhers; Itxaro Borda, Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Oihan Oliarj-Ines, eta Julen Axiari; Malandain Ballet Biarritz; Kukai dantza taldea, eta Petites Planetes, besteak beste. Informazio gehiago https://errobikofestibala.net/ webgunean.

URMUGA
Jaialdi honen informazio zabala eman genuen jada aurreko post batean ELAIDEn. Mendia eta musika uztartzen ditu Urmuga egitasmoak. Uztailaren 13an hasi zuten ibilaldia, Araba eta Burgos (Espainia) arteko Angulo mendatetik, eta uztailaren 31n bukatuko da, Hiru Erregeen Mahaian, Nafarroako Pirinioetan. Euskal Herriaren mendebaldetik ekialderako bide horretan, hamabi kontzertu izango dira oholtza bilakatutako mendi tontor eta haranetan. Besteak beste, Gorka eta Nerea Urbizu, Olatz Salvador, Dupla, Anari, Niko Etxart, eta Chill Mafia ariko dira. Informazio zabalagoa: https://urmuga.eus/ 

MUSIKA HAMABOSTALDIA
Donostiako musika klasikoaren jaialdia osasun egoerara egokituta egin zuten iaz, bertako artistekin eta ganbera formatuko kontzertuekin, batik bat. Aurten, aldiz, «normaltasunerako pausoa» eman nahi dute antolatzaileek, eta munduko orkestra handien emanaldiak izango dira. Kursaal auditoriuma izango da agertoki nagusia, baina Euskal Herri osoan egingo dituzte emanaldi bereziak. Luxenburgoko Orkestra Filarmonikoa eta Yuja Wang pianista, Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Elisabeth Leonskaja pianista eta Easo abesbatza, Euskadiko Orkestra, Espainiako Orkestra Nazionala eta Budapesteko Jaialdiko Orkestra ariko dira. Abuztuaren 1ean hasiko da jaialdiaren 82. aldia, eta hilaren 27an amaituko da. Sarrerak salgai dira www.musikahamabostaldia.eus gunean.

NAFARROA KULTUR
Kultura eta lurraldea uztartzen ditu Nafarroako Gobernuaren Kultur programak, eta kultur eskaintza herrialdeko herri eta hirietara zabaltzea du helburu. Ekainaren 18tik irailaren 4ra bitarte izango da. Parte hartuko duten musikari eta taldeen artean daude, besteak beste, Hogei Berriro, Hagoan, Anne Etxegoien, Juan Mari Beltran, Tenpora, Suakai eta Trikidantz. Informazio gehiago http://www.culturanavarra.es/es/kultur-2021 webgunean.

 

Eta egin, murrizketekin baina, egin dira:

EUSKAL HERRIA ZUZENEAN
Murrizketekin, baina egin, egin zen, uztailaren 2tik 4ra bitartean. Euskal Herrian aurtengo udako jaialdirik jendetsuena suertatuko da, ziurrenik Antolatzaileek hiru mila lagunen presentzia aurreikusi zuten Irisarrin (Nafarroa Beherea), uztailaren 2an, 3an eta 4an. Jaialdiaren 25. urtemuga ospatu zuten eta bertan aritu ziren, besteak beste, Ruper Ordorika, Zea Mays, Nogen, Herdoil, Rudiger, Rukula eta Chill Mafia. Anestesia taldearen beragerraldia ere eman zen, bi urteko etenaren ondoren, Zuzeneko musikaz gain, bestelako ekitaldiak ere izan genituen: Tio Teronen Semeak taldearen dantza ikuskizuna eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia, esaterako.

GUITARALDE
Hendaiako (Lapurdi) Guitaralde jaialdia, uztailaren 7tik 9ra bitarte egin da hamargarren urtez, askotariko kontzertuak tartean, guztiak ere gitarraren bueltan antolatutakoak. Bruno-Michel Abati senegaldarrak ireki zuen festibala, eta haren ostean, besteak beste, hauek aritu ziren: Ruper Ordorika, Mike Stern, Pauline eta Juliette bikotea.

 

Ordea, pandemia dela eta, hauek ezin izan dira egin:

BBK MUSIC LEGENDS
Besteak beste, Eric Burdon & The Animals, The Jayhawks, Supertramp taldeko kide ohi Roger Hodgson, Anari eta Maika Makovski. Oraindik ez dute jakinarazi hurrengo urtean egitarauari eutsiko dioten edo ez.

AZKENA ROCK
Jaialdi handien artean lehena izan ohi da Gasteizko Azkena Rock. Egitarauaren zati handi bati eutsi diote, edonola ere; modu horretan, 2019an iragarri zituzten Patti Smith, Fu Manchu eta Social Distortion izango dira, Mendizabala guneko agertokian datorren urtean. Horiekin batera izango dira, besteak beste, The Offspring, Brian Wilson, Suzi Quatro eta Drive by Truckers. Ekainaren 16an, 17an eta 18an egingo da, datorren urtean.

BILBOKO BBK LIVE
Azkena Rock bezalaxe, BBK Live jaialdia ere ez da egin aurten. Uztailaren 8an, 9an eta 10ean zen egitekoa, Bilboko Kobetamendin. Besteak beste, The Killers, Kendrick Lamar eta Pet Shop Boys ziren jotzekoak.

Hain zuzen, jaialdia egitekoa zen egunean eman dute hurrengo urteko egitarauaren berri. «Absentzia luze honen ondoren, itzulera sinestezina izango da, eta hitzematen dizuegu merezi izango duela», adierazi zuten.