Apirilaren 10ean amaituko da eta hirugarren urteurrena ospatzeko hainbat sorpresa prestatzen ari da Code Syntax enpresa. Hilabetea amaitzearekin batera itzuliko da Egunean Behin, erabiltzaileak tribial moduko galdera-erantzunen bitartez erotzen dituen jokoa.
Ohi bezala, 9. denboraldiak hamar aste izango ditu. Beraz, urtarrilaren 31n astelehena hasi eta apirilaren 10ean, igandea, amaituko da.
Lehiaketako mekanikak ere jarraitutasuna izango du denboraldi berrian. Tribial estiloko galdera-erantzunak asmatzen jarraitu beharko du erabiltzaileak, 10 egun bakoitzean, ahalik eta azkarren eta ahalik eta gehien asmatuz. Azken deialdietan bezala, herritarren jakintza, trebezia eta matematiketarako abilezia neurtuko dituzte galderek. Eta herri ikuspegitik egindakoak ere izango dira: euskal gaiekin lotuak, euskal geografiarekin lotura dutenak, etab.
Aurreko urteetan bezala, eguneroko jarduneko lehiaketak babesle mordoa ditu, zehazki: Mondragon Unibertsitatea, Kaixomaitia, EIKA elektragailuak, Mubil mugikortasunaren zentroa, Berria egunkaria, Ekolurra, Korrika bere 22. edizioan eta Euskaber. Horretaz gain, EITB komunikazio taldeak bederatzigarren denboraldi lehen eta azken asteak babestuko ditu. Sailkapen nagusirako sariak Samsung telebista handia eta Android telefono euskaratua izango dira, besteak beste, eta aurreko denboraldietan bezala astero-astero ere sariak izango dira, bai sailkapen araberakoak zein zozketakoak.
Urtarrila amaitzearekin hasiko den denboraldiarekin hiru urte beteko ditu CodeSyntax enpresak sortutako galdera-erantzunen jokoak. «Marka» dela nabarmendu dute antolatzaileek eta ez da gutxirako. «Milaka erabiltzaileon laguntzarekin, honaino iritsi izanarekin harro gaude. Orain, presta zaitezte datorren astelehenetik aurrera jokatzeko», azaldu dute.
2019ko martxoaren 4an du erregistratua lehen partida eta hirugarren urteurrena ospatzeko galdera sorta berriak izango dira. «Batzuetarako, ez zaizue gaizki etorriko trebatzen bazarete euskarazko eguneroko joko berrietara, urtarril honetan bertan modan jarri diren Wordle eta Berbaxerkara», aurreratu dute. Orain arte bezala, parte hartzen duten guztien artean astero sailkapen bat osatuko da, eta denboraldi amaieran, finala egingo da, pandemiaren egoerara egokituta.
Azken bi denboraldietan lehiaketa amaitu bezain pronto finala egin zen, EITBn emititutako programa bereziarekin. Maddalen Arzallusek eta Xabier Sukiak aurkeztutako 'Biba Egunean Behin!' saioa ETB1n emititu zen, final sinkronizatu handia, «etxetik denek jokatzeko moduan» egina. Inoiz telebistan egin den telefono mugikorraren bidezko aldibereko lehiaketarik handiena izan da. Bederatzigarren honetarako finala egiteko asmoa du antolakuntzak, «baina nola izango den ez daukagu zehaztuta une honetan. Zerbait irtengo da, hiru urte beteta ez dugu airean utziko...», zehaztu dute.