Dylan Inglis ingeles euskalduna

Dylan Inglis ingeles gaztea 2016an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, familiarekin oporretan. Orduan entzun zuen lehen aldiz euskara eta hitz batzuk erabiltzera ere animatu zen. Halako zirrara sentitu zuen, euskara ikasteari ekin ziola. Eta nola ikasi gainera! Zuberera, bizkaiera eta Nafarroako euskalkia ere menperatzen ditu. Youtuben euskarari buruz zabaldu dituen bideoak ezagunak egin dira.

Dylan Denny-Stearn Inglis (Devon, Ingalaterra, 1998) 22 urteko gazteak gustuko ditu hizkuntzak. Ingelera, mandarinera, gaztelania, frantsesa eta euskara dakizki. Hizkuntzak sakontasun handiz ikasteko nahiak motibatzen du. 

Euskararekiko lehen harremana 2016an izan zuen, Iparraldera familian egindako oporraldian. Aurretik bazuen euskararen berri, eta Interneten aurkitutako euskarazko esaldi xume batzuk ikasi zituen. “Arratsalde on” batekin sartu zen herriko taberna batera, baita haiek erantzun ere. Une hartan sentitutakoak euskara ikastera animatu zuen. 

Urte eta erdian ikasi du euskara. Lehen urratsak etxetik egin zituen, liburu batekin eta Radio Kultura irratiak 2000an zabaldu zuen Herritartzen ikastaroarekin. Ondoren, zenbait barnetegitan egon zen. Iparraldean batean, Bizkaian bestean, berehala ohartu zen euskararen aniztasunaz eta euskalkietan sakontzen hasi zen. Gaur egun zubereraz, bizkaieraz eta Baztango euskalkian hitz egiteko gai da. 

Ingalaterran jaiotako gaztea euskaldun peto-petoa da dagoeneko, eta gustuko du kontzeptu hori, ez baitu beste hizkuntzetan aurkitu. Adb. frantsesa ikasteak ez zaitu frantses egiten, frantses hiztun baizik. Euskara ikasten duena, berriz, euskalduna da; “behin hizkuntza ikasita, atzerritar euskaldunok leku berezia daukagu euskal gizartean” dio gazteak Argia aldizkarian egindako elkarrizketan.  

Euskara ikasten ari direnak euskara kanpoan ere praktikatzera animatzen ditu. “Eraginkorra ez ezik, zatirik atseginena ere bada”.