Durango Azokak berreskuratu du aurrez aurreko formatua. Hobeki esanda, formatu bikoitza izanen da aurtengoa, bertsio digitala ere izanen delako. Batean zein bestean izanen dugu zer ikusi, entzun eta irakurri. Izan ere, 219 erakusmahai egongo dira 990 nobedaderekin: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta 77 bestelakoak. Horietatik 5 liburu hautatu ditugu gure ezinbestekoen liburutegian eduki beharrekoak. Online denda abenduaren 3tik 7ra egongo da martxan azokako webgunean, eta Durangora bertara joanez gero, gogoan izan txanda hartu behar dela aldez aurretik.
Izenburua: Arranotxu, euskal gerlari mitikoa
Egilea: Zaldieroa
Argitaletxea: Ikastolen Elkartea
Generoa: Komikia
ISBN: 978-84-124067-5-7
Arranotxu, euskal gerlari mitikoa Patxi Huarte Zaldieroak osatu duen azken komiki albuma da, azken urteotan Xabiroi komiki aldizkarian argitaratzen joan den Arranotxuren istorioekin osatu duena. Bilduma, beraz, bina orri dituen hamaika istorioz osatzen da, istorio guztietan Arranotxu eta beste zenbait protagonista errepikatzen diren arren. Komikian, besteak beste, laminak, galtzagorriak, basajauna eta horrelako pertsonaia mitologikoak agertzen dira. Horrez gain, superheroiak ere ikus daitezke, hala nola Superman, Batman eta Robin. Nolanahi ere, heroi baten antitesia da Arranotxu.
Izenburua: Nola izan garen gauza
Egilea: Iban Zaldua
Argitaletxea: Erein
Generoa: Narrazioak
ISBN: 978-84-9109-774-7
Iban Zaldua idazleak euskal gatazkari buruz idatzi dituen ia ipuin guztiak jasotzen dituen liburua da, edo berak esango lukeen bezala, “gauzaz” aritzen direnak, Zalduak erabiltzen duen eufemismoa baliatuta. Irakurleak ipuin-bilduman 60 testu aurkituko ditu, Zalduak ibilbide luzean idatzitakoak. Azpimarratu behar da Ibon Egaña kritikoak egindako hitzaurrea edo sarrera, atzeko azalean Uxue Apaolazak liburua irakurtzeko bildu dituen arrazoiak eta, azkenik, epilogo modura egindako testu teoriko bat, “gauzaz” idazteko arrazoiak jasotzen dituena. Apaolazaren hitzetan “fikzioak baino ezin dizkigu zenbait gauza kontatu”.
Izenburua: Dena ametsa den irudipena
Egilea: Leire Vargas
Argitaletxea: Elkar
Generoa: Poesia
ISBN: 978-84-1360-163-2
Leire Vargasen estreinako liburua da Dena ametsa den irudipena. Ahots gazte eta berri bat, edertasun eta nortasun handien jabe, Irun Hiria saria merezi izan duena. Duela lau urte idazten hasi zen, eta aurtengo udaberrian idatzi du olerkirik berriena. Hiru ataletan antolatuta datoz 40 poemak: Zuloak, Ateak eta Zubiak. Gorpuztasuna eta lantzen du lehen atalak —elikadura nahaste batek zeharkatutako gorputz bat—; bigarren atalean ideologiaz zein politikaz aritzen da, haiek sortutako zalantzez; eta hirugarren atala pertsonen arteko harremanen ingurukoa da. Xabier Mendiguren editoreak zehaztu duen bezala, bere ahots poetikoa «mintasunetik» ateratzen du.
Izenburua: Infinitua ihi batean
Egilea: Irene Vallejo
Itzultzailea: Fernando Rey
Argitaletxea: Pamiela
Generoa: Saiakera
ISBN: 978-84-9172-252-6
Liburuen historiari buruzko liburua da hau. Liburuan zehar, nolakoak ziren lehengo liburuak kontatzen digu eta nola sortu zen Alexandriako liburutegia. Horretaz gain, bidaia-liburua ere bada, besteak beste, Erroma, Oxford eta Sarajevora eramango gaituena. Baina gauza guztien gainetik, liburuen salbatzaileei buruzko liburu bat da, horiek baitira saiakera honen egiazko protagonistak. Hortaz, saiakeran ohikoak ez diren osagaiak biltzen ditu: umorea, narrazioak, kazetaritzako pasarteak, testu poetikoak, etimologiak, biografia laburrak… Fernando Reyren itzulpena bikaina da, esan gabe doa.
Izenburua: Eraikuntzarako materiala
Egilea: Eider Rodriguez
Argitaletxea: Susa
Generoa: Eleberria
ISBN: 978-84-17051-80-8
Irakurlearentzat iktusa izan berri duen aitaren ondoan hasten da eleberria, baina hasieratik argi geratzen da gainbehera askoz ere lehenagotik datorrela: aita alkoholikoa da, eta, neska, alkoholiko baten alaba. Baina misterioa da aita: ia 40 urtez etxe berdinean bizi arren, apenas dute harremanik. Ohe ondoan ezagutzen dugun alabaren historia kontatzen du liburuak kronika intimo batean: aita eraisten doan heinean, alaba bere burua eraikitzen doa. «Hondarrezko erlojua bezala, erdi bat hustu ahala betetzen da beste erdia».
www.durangokoazoka.eus
56. Durangoko Azokako egitaraua, katalogoa, albisteak eta erreserbak egiteko aukera webgunean.