Adizkinator, euskal aditzak “APP” batean

Aurreko albiste batean euskara ikasleendako eta euskaradunendako ere baliagarriak diren hainbat aplikazioren eta plataformen berri eman genuen. Gaurkoan, aurkeztu berri den Adizkinator mugikorrerako aplikazioari eskaini nahi diogu arreta berezia.

Ander Herranz Uribarri euskara irakasleak sortu zuen Adizkinator 2020an eta 2021ean argitaratu du aplikazioa. Euskara ikasleek zein euskaradunek aditzen inguruko zalantzak argitzeko jaio da erreminta hau. Sustapeneko bideoa egin dute, eta badirudi euskaltegirako tresna moduan garatu dutela batez ere.

Funtzionamendu erraza

Aplikazioa Google Play Store-n deskargatu daiteke, doan, gainera; Apple etxeko gailuentzako, berriz, ez dago eskuragarri, oraingoz. Behin deskargatuta, bi aukera dituzte erabiltzaileek: aditza jokatu edo adizkia bilatu. Hala, Euskaltzaindiak euskara baturako onartu dituen adizki laguntzaile eta trinko guztien modu neutroak ez ezik, hikako forma alokutiboak ere eskaintzen ditu aplikazioak.

Deskargatu Adizkinator Androiderako hemen: Google Play.