Tafallan barrena plakaz plaka

Uda honetan Nafarroako txokoak ezagutzeko gonbitea egiten ari da Elaide, oporraldiek ematen duten aukera aprobetxatzeko. Duela bi aste, Larraun harana eta inguruak bisitatzeko proposamena egin zuen; oraingoan, berriz, Nafarroako erdiguneko historia handiko herrira joateko gonbitea luzatzen du: Tafalla.

Tafallak, bere txikian, ikusteko asko dauka eta ondare historiko handia biltzen du, eta bisita merezi du, zalantzarik gabe. Ongi dakite hori tafallarek, eta horregatik bere ondare  historiko hori ezagutarazteko Altaffaylla Fundazioak  “Tafallari Itzulia 90 Plakatan”  izeneko egitasmoa abian jarri zuen duela urte gutxi. Izenak adierazten duen moduan, 90 plaka dira, alde zaharrean barna jarritakoak, paseoa ematen den bitartean, herriko jauregi, etxe, eliza eta txokoek gordetzen duten historia handi zein txikiari buruzko informazioa eskaintzen dutenak.
Plaken ibilbidea egiteko prest dagoenak hemen aurki dezake informazio guztia:

http://www.tafalla.es/wp-content/uploads/sites/22/2021/03/Vuelta-a-Tafalla-en-90-guias.pdfhttp://www.tafalla.es/wp-content/uploads/sites/22/2021/03/Vuelta-a-Tafalla-en-90-guias.pdf

Baina bada, noski, bisita egiteko beste modu bat; bertara ailegatu eta kaletan galtzea. Horren alde eginez gero, honatx Tafallako eraikin eta toki nabarmenen aukeraketa bat:

  • Errekoletaseko Komentua. 1673an eraiki zen Menkoen Jauregiaren ondoan. Komentuko eliza barroko estilokoa da.
  • Mencos jauregia. jauregiak Errekoleten komentuarekin muga egiten du eta arku baten bidez lotzen da. Eraikinak harlanduzko dorre prismatiko bat du atxikita eskuairan.
  • Kultur Etxea. Eraikina Errenteriak (María Jesús Garcés de los Fayos) utzi zion Udalari 1968an. Ezkaratzean, hirian egindako indusketa arkeologikoen aztarnak aurki daitezke, baita mural bat bere historiarekin edo Karlos III.a “Noblearen” jauregiko harrizko besaulki gotikoa ere.
  • Harresiaren ondarea. Karlos II.a Maloaren garaian eraikitzen hasi zen eta Karlos III.a nobleak handitu egin zuen. Udaletxearen atzean, Recoletas kalean, geratzen dira hondarrak.
  • Nafarroako plaza: multzo arkitektonikoa udaletxeak zuzentzen du eta arkupe eta balkoiak dituzten hiru fatxadek osatzen dute.
  • Santa Maria eliza: erromaniko estilokoa da eta XIII. mendean eraiki zen.
  • San Pedro eliza: hiriko zaharrena da eta 1157tik dago dokumentatuta
  • La Peña edo Irigoien auzoa.  Hirigoien auzoa Tafallako alderik zaharrena da, azken urteetan berreskuratua. Han finkatu zen X. mendetik aurrera kronista arabiarrei esker ezagutzen dugun lehen herria
  • Iribas patioa. Peña auzoaren bihotzean dago Tafallako toki bitxienetako hau.

Eta abuztuko egun hauetan bertaratzeko asmo duenak, gainera, badu ere euskarazko programazioaz gozatzeko aukera:

KULTUR PROGRAMAZIOA EUSKARAZ

Abuztuaren 11n, asteazkena. ORDAGO dokumentala. Centro Cultural Tafalla Kulturguneko Zinema aretoan

19:30

Abuztuaren 12an, Mielotxin “Ordago”. Kondearen parkean

22:00

Abuztuaren 21ean, larunbata. Skabidean eta Larru Beltzak kontzertuan. Kondearen parkean

20:00